Tirokatutako zinegotzi ohia ofizialki hil egin da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mar. 7a, 16:04
Goiena.net-ek jakinarazi berri duenez, eguerdiko 13:30ak aldera tirokatu duten Isaias Carrasco PSE-EEko zinegotzi ohia zendu berri da Arrasateko ospitaleko medikuek erreanimatzen saiatu diren arren. Izan ere, hasieran atentatuaren lekuan bertan hil dela zabaldu da, baina 14:30ean, ordea, "oso-oso larri" zegoela jakin izan da. Azkenean, ospitalean bi arnas eta bihotz geldialdi izan ostean hil egin da, medikuek ezer egiterik ez dutela izan. Aurretik, Ino Galparsoro Arrasateko alkatea eta EAEko zinegotziak ospitalean egon dira pare bat minutuz. Atentatuan, ezezagunek hainbat tiro bota dizkiote Carrascori, horietatik bi lepora eta besteren bat bularrera. Erasoa Arrasateko San Andres auzoko Navas Tolosa kaleko 6. zenbakiaren ondoan izan da, Carrasco etxetik irteten ari zela. "El Pais" egunkariaren agerkari digitalaren aburuz, Carrascoren emaztea eta alaba izan dira atentatuaren lekuko. Zinegotzi ohiak 42 urte zituen, autobideko ordainlekuan egiten zuen lan eta zinegotzia izan zen PSE-EEtik 2003 eta 2007 bitarteko legealdian. Rodriguez Zapaterok hauteskunde kanpainako ekitaldiak bertan behera utzi ditu eta Eusko Alkartasunak gaur Algortan antolatuta zeukan mitin jaialdia ere ez du egingo atentatua dela eta. Bestalde, PSOE eta EAk egin bezala, EAJk ere bertan behera utzi ditu hauteskunde ekitaldiak eta Iñigo Urkulluk prentsaurrekoa deitu du arratsalderako. Gainera, atentatua salatzeko asmoz, bihar 12:00etan erakunde publikoen aurrean elkarretaratzeak izango dira. Argazkian, Isaias Carrasco / Goiena.net.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun