Euskal Herriko Unibertsitatearen adierazpena
Isaías Carrasco Miguel jauna gaur erail duen hilketaren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitateak ondokoa adierazi nahi du:
1. Lehenengo eta behin, gure dolumina eta atsekabea helarazi nahi dizkiegu hildakoaren senitartekoei, eta agerian eskaini nahi dizkiegu gure sostengua eta elkartasuna.
2. Bigarren, irmotasun osoz gaitzesten dugu atentatu hau, eta gure arbuioa agertu nahi dugu, unibertsitario garen aldetik, eta andre eta gizon zintzo izan nahi dugun aldetik. Adierazbide politikoa eta gizartearen elkar bizitza ezin ditu erakunde terrorista batek bahitu. Gure errealitate politiko izugarri konplexuan, egoera eta erabaki eztabaidagarriak izaten dira noiznahi eta nonahi, baina horietako batek ere ez du hilketa justifikatzen. Unibertsitateak ezinbestean agertu behar du indarkeria politikoa erabiltzearen aurka, bere izatearen aurkakoa baita, unibertsitateak bultzatzen duen gizarte ereduan eta kultura ereduan ez baitago inolako zirrikiturik hilketa legitimatzeko.
3. Euskal Herriko Unibertsitateko Errektoretzak bat egiten du hurrengo egunetan deituak izango diren arbuio-adierazpenekin, batik bat unibertsitate-giroan izan daitezenekin.
Leioa, 2008ko martxoaren 7a