Ezker abertzaleak gaurko egindako deialdiarekin bat eginez, 70 lagun elkartu dira Leioako Plaza Gorrian, martxoaren 9ko Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeei begira, “abstentzio aktiboa” aldarrikatzeko. Itzubaltzeta / Romon, ordea, euripean zeudela bertan behera utzi dute 20:00etarako iragarritako ekitaldi argitsua. Algortan, berriz, hasieran Tellagorri plazan ekitaldia egin behar bazuten ere, azkenean Amnistia tabernara aldatzea erabaki dute, euriagatik eta elektrizitatearekin izandako arazoak direla medio. Azkenik, Astrabuan izan behar zuen kalejira ez egitea erabaki dute, “herrian ez zegoelako girorik”. Izan ere, Erandioko ezker abertzaleak salatu duenez, "herri osoan zehar", abstentzioa eskatzen zuten kartelen gainean, “hiltzaileak” irakur zitekeen afixak jartzen ibili dira arratsaldean “PSEko kideek”, horretarako, “tokiko udaltzainak eta ertzainak bidelagun izan dituztela”. Ezker abertzaleko kideek iluntzean bere propaganda berriz jartzeari ekin diote. Bitartean, ostiralero bezala, 70 lagun inguru elkartu da Algortako Telletxe plazan (argazkian), Anjel Figueroa algortarra eta gainontzeko preso gaixoen askatasuna aldarrikatzeko.