Isaias Carrasco Arrasateko PSE-EEren zinegotzi ohiaren hilketa arbuiatzeko Eudelek eta hainbat udalek eguerdian deitutako elkarretaratzeek ehunaka pertsona batu dituzte Uribe Kostan eta Erandion. Azken udalerri horretan, 250 bat lagun batu dira goizeko 12etan, udaletxearen aurrean, Irailaren 23a plazan. Bertan ordu laurdeneko kontzentrazioa egin dute, Mikel Arieta-Araunabeña alkate jelkidea, Javier Ruiz bozeramaile popularra eta zinegotzi sozialisten presentziarekin, beste arduradun politikoen artean. Ordu berean, elkarretaratzeak egin dituzte beste udaletxetan, tartean Negurin, Barrikan eta Sopelan. Aitziber Oliban Erandioko alkateordeak azaldu duenez, "guztiz minduta gaude. Ez dugu inoiz uste izan hilketa batek gure aberriaren eraikuntzaren alde egin dezakeenik eta uste dugu badela garaia erakunde armatuak politikari eta soilik politikari lekua egiteko. Erabateko elkartasuna adierazi nahi diogu Carrascoren eta PSE-EEren familiari. Bestalde, horrelakoei aurre egin behar zaie, baina bide polizialekin bakarrik ezin dakieke aurre egin".