Hamazortzi hilabete hauetan, batzordekoek dioten moduan, "gaztetxearen babesa eta laguntza etengabekoa izan da, eta hori Udondokoen artean hiruzpalauk baino ez dutela eskalatzen!", nabarmendu dute: "baina herriarentzat eta gazteentzat ona zela ikusi zuten eta eskalada-murruaren lehenengo zatia gaztetxeak berak ordaindu zuen". Hori bai, onartzen dute ezin izan dutela bukatu arte itxaron eta hilabete hauetan maiz erabili dutela.
Azken boladan, gainera, lan handiak egin dituzte eskalada-murrua hobetzen, bai aurkezpen data finko bat jarrita "azken ukituak" egiteko motibazio handiagoa zutelako baita hainbat zaleek azken hileotan egin dizkieten material donazioagatik ere: "Sopelako hainbat lagunek Berangoko lonjan zituzten materialak ekarri dizkigute. Haiek soberan zituzten eta hemen erabilera emango zaie".
Iluntzean eskalarien jaialdia
Goiza eskalatzen eman ostean, Udondoko ohiko bazkari begetariano gozoa izan dute eta bazkalostean eskalada bideo batzuk ikusteko zeukaten. Iluntzean ere, jarraituko du Leioako eskalarien jaialdia, 20:30ean, Materia Gris, Jarraitu eta Okupando Rom@ taldeek emango duten kontzertua dela medio. Eguenan zehar aterako den dirua eskalada-murrua finantzatzen inbertituko dute, hondatzen joan daitekeen materiala ordezkatu eta pieza berriak erosteko.