Ez Jaun Ez Jabe: "sistema sufragistari sua"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mar. 9a, 00:49

Martxoaren 9ko hauteskundeetan ikusiko dugu berriz ere zein den aukera nagusia: abstentzioa. Badirudi jende gehienak ez duela konfiantza lan-malgutasuna, bizitzaren hipotekarizazioa, komertzio txikien suntsipena eta auzoen bizitzaren desagerpena, ingurumenaren txikizioa... zeharka sustatzen dutenengan. Gaur egungo "sistema demokratikoa" bi aukeratan bananduta dago: neoliberalismoa (zerbitzu publikoen desagerpena) zuzenean bultzatzen dutenak edota progresista mozorroaz neoliberalismorantz eramaten gaituztenak. Duela gutxi Europako Konstituzio Itunaren aldeko botoaren eskaerarekin argi eta garbi ikusi genuen. Euskal Herrietan "betiko bozkatzaileak" badauzkagu, zeinek bere alderdia bozkatzen jarraituko duten nahiz eta alderdiak komertzio txikien hondamena ekarri edo AHT, Jaizkibel, Supersur delakoa, Itoitz.... eraikitzeko beraien lurraldeetatik bota.

Baina, zein itxaropen eduki dezakegu azpiegitura diktatoriala diren alderdi politikoengan? Edota talde parlamentarioengan, "progreagoak" izateko? Ba al dute jarraitzaileek erabakitzeko ahalmena? Ala erabakiak hartzen dutenek, aldiz, gutxi batzuk dira? Era berean, parlamentarioek noren interesak defendatzen dituzte? Herritarrenak? Ala patronala, banketxe eta boteretsuenak?

Beti berdinek agintzen dute

Bestalde, gure bizitza pribatuan gu geuk arazoei aurre egiten diegunak bagara... orduan, zergatik esparru publikoan geure ongizatea beraien eskuetan uzten dugu? Horretan ardura bera dugu, gutxienez. Zerk pentsarazten gaitu agintariak guztiok elkarrekin baino hobeto egingo dutela? Ez gara hain inozoak ezen pertsona bakarrak zer den hobea edota zer egin behar duguna esateko. Lanbidean inork ez du zure ordez lan egiten, azterketetan inork ez du zure ordez ikasten. Zu zeuk zeure arropa, oporrak, bizitza eta abar nolakoak diren erabakitzen baduzu, zergatik beste guztian ez?

Ikusle hutsen papera betetzen dugu: hiritarren parte hartzea ez dago. "Erabaki politikoak" hala nola non jarri ondasun publikoak, azpiegiturak noren gainean, zein auzo izango den "ghetto" berria edo zein "berpiztua" beti berdinek agintzen dute, beraien interesen arabera eta herritarren iritziak kontuan eduki barik.

Gobernua guztiok izan behar gara

Guk hiritarrok erabakitzeko eskubidea dugula uste dugu. Gizartearen arauak aurrez ezarrita egon behar ez direla uste dugu. Gure ustez, "hitzarmen sozial" hori behin eta berriz birpasatu behar dugu. Erabakiak agintari hitz-jariodunen eskuetan utzi beharrean, guztion artean ardura hori hartu behar dugula uste dugu. Benetako demokrazia batean pertsonok izan behar gara erabakitzaileak. Gobernua guztiok izan behar garelako, oligarkia edo goitik beherako egitura baten ordez.

Argi eta garbi dugu kritikatu behar dugula sistema hau: non jendeak lau urtetan behin papertxo bat kutxa batean sartzen duen, bere ordez pentsatu eta aukeratu dezaten; non eskubideak eta askatasunak beraiek uzten dizkigutenak baino ez diren; non adierazpen askatasuna dagoen, esaten duguna gustatzen zaien bitartean; non bakoitzak erabakiak eta ardurak hartzeko gaitasuna mespretxatzen den. Horregatik alternatibak planteatu behar direla uste dugu, errealitate berri bat ezagutarazi behar dela.

Antolakuntza berri bat

Biltzar bidezko funtzionamendua antolakuntza era bat da. Biltzarrean erabakiak akordioaren bidez hartzen dira, iritzi guztiak eztabaidatuz eta argudiatuz. Ez dago inor besteen gainetik, bere ardatz nagusia horizontaltasuna delako. Biltzarraren tamaina txikia izan behar da, pertsonen arteko komunikazioa ahalbidetzeko, adostasunera heltzea posiblea izan dadin eta funtzionamendua orokorrean on izan dadin.

Baldintza horiengatik, biltzarraren eremua baino gehiago hedatzen den arazo baten aurrean, horiek konfederatu daitezke, arazoa pairatzen duten guztiak elkartuz. Era horretan zentralizazioa ekiditen dugu, herri bakoitzeko herritarrek beraien arazoen irtenbideak aurkitzea lortuko dugula. Zergatik Madrildik edota Gasteiztik oligarkak dira erabakiak hartzen dituztenak beraiek arazoak jasaten ez badituzte eta ziur aski herria ezagutzen ere ez badute?

Abstentzio aktiboa orain eta beti!

Laburtuz: pertsona talde bati dagokion erabakiak pertsona talde bera horrek hartu behar ditu, norberaren erabakiak kaltetu barik. Egoera hau, gure ustetan, konfederalismo eta
biltzar bidezko funtzionamenduaren bidez lortuko genuke.

Beraz, ez ezazu parte hartu ikuskizun honetan, ez bozkatu. Baina ez gogo ezagatik, ezta futbolera joateagatik, baizik eta sistema sufragista honen zilegitasuna kolokan jartzeko. Baina gogora ezazu garrantzitsuena alternatibak eraikitzea dela egunero, zeren papertxo bat lau urtetan behin kutxa batean jarriz ez dugu errealitatea hobetuko.

Ez elkartu gugaz, pentsa ezazu zure kabuz

Abstentzio aktiboa orain eta beti!

Ez Jaun Ez Jabe
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun