Plentzian atxilotuak dagoeneko kalean daude

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mar. 9a, 19:39

Eguerdian abstentzioaren aldeko kontzentrazio batean parte hartzen ari zirela Ertzaintzak Plentzian atxilotutako bederatzi pertsonak askatu dituzte jada, Askatasunak prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. Errepresioaren aurkako erakunde ilegalizatuak azaldutakoaren arabera, Plentziako auzokideak Neguriko ertzain-etxean izan dituzte ordu hauetan eta "autoritateari desobedientzia larria" egitea leporatu diete. Gara.net-en arabera, gainera, "hauteskunde delitua" ere egotzi diete. Bestalde, Ertzaintzak, Espainiako Polizia Nazionalak, tokiko udaltzainek eta Nafarroako Foru Poliziak ezker abertzaleko kideen aurka erabilitako errepresioaren balantzea egin du Askatasunak. Besteak beste, Arrosadian pertsona bat atxilotu dute bart; Azpeitian hainbat pertsonaren aurka oldartu eta alkatea ezkutuarekin birritan jo dute aurpegian; Atarrabian eta Txantrean ere kargatu dute; 80 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte eta hainbat prozedura zabaldu dituzte isunak jartzeko eta hauteskunde delituak egozteko. Argazkian, goizeko atxiloketaren irudi bat.

Askatasunaren oharra:

Askatasunak Hauteskunde Eguneko balantze errepresiboaren berri eman du

GIPUZKOA

Azpeitia
50 pertsona kontzentrazio bat burutzen ari ziren errotonda batean eta ertzainak etorri eta pertsona batzuk joz sakabanatu dute kontzentrazioa. ANVko zinegotzi bat identifikatu dute eta delitu elektorala sartuko diotela adierazi diote. Beste pertsona bat erretenitua izan dute argazkiak ateratzen ari zelako, eta identifikatu ondoren libre utzi dute. Herriko alkatea bi aldiz jo dute aurpegian eskutuarekin, eta azalpenak eskatzen hasi denean besteak beste hau esan diote ertzainek: "¿Porque eres alcalde te crees que ere el rey del mundo?" Harrokeria handiz aritu dira. Hainbat komunikabide horrela esaten ari badira ere Azpeitian ez du inor atxilotu gaur Ertzaintzak.

Intxaurrondo
Kotxe karabana burutzen ari ziren 16 pertsona identifikatu eta diligentziak irekiko dizkietela esan diete delitu elektoralaz akusaturik. Eskola baten aurrean zeuden 6 pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak eta ondoren miatu egin dituzte goitik behera.

BIZKAIA

Plentzia
Eguerdiko 12etan kontzentrazio bat zegoen deituta, eta bertara hurbildu diren 9 herritar atxilotu ditu Ertzaintzak. Autoritateari desobedientzia grabea egiteaz akusatzen dituzte eta dagoeneko aske gelditu dira.

Algorta
Eskolaz eskola martxa bat burutu dute eta 15 pertsona identifikatu ditu Ertzaintzak.

NAFARROA

Burlata
13 pertsona identifikatu dituzte (PN) salbuespen egoeraren aurkako kamisetak eramateagatik. Hautes-lekuetara hurbiltzen baziren atxilotuko zituztela esan diete.

Arrosadia
7 pertsona identifikatu dituzte eta hiruei isunak jarriko dizkietela esan diete polizi nazionalek abstentziorako esku-orriak botatzeagatik Bestaldetik, atzo atxiloketa bat egon zen. Foruzainek burutu zuten eta dirudienez Auzitegi Nazionalera eramango dute gaztea.

Atarrabia
30 pertsona bildu dira independentziaren aldeko kartelekin hautes-leku baten ondoan. PN agertu da eta bitan kargatu du herritarren aurka. Pertsona batzuk kolpatuak izan dira. Jendea elkarte batean gorde da eta polizia haien atzetik joan da, elkartearen atea joz eta sartzen saiatuz

Txantrea
Hamaiketako herrikoia egin dute Txantrean Mariana Sanz eskolaren aurrean 50 lagunek. Udaltzainak eta polizia nazionalak agertu dira eta jendearen aurka oldartu dira. 12 pertsona identifikatu dituzte eta bati kolpe bat eman diote buruan.

Askatasuna
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun