EAJk jarraitzen du Sopelan irabazten, baina PSE-EErengandik aldentzen zion tartea ia desagertu egin da, lau urtetan 1.811 boto izatetik 328 izatera. Jelkideek, 2.245 sufragioekin hobetu dituzte udal hauteskundeetako emaitzak, baina 2004ko emaitzak errepikatzeko bide erdian gelditu dira. PSE-EEk, berriz ia bikoiztu ditu bere botoak. Bestalde, abstentzioa %14 igo da Eusko abertzale Ekintza bigarren indarra den udalerri honetan. PPk eutsi eta boto bakan batzuk igo ditu. EB, Aralar, eta maila txikiago batean EA, agudo jausi dira. Baina hondamendi nagusia Berdeena izan da, pasa den maiatzeko hauteskundeetatik atzoko hitzordura beraien botoen %80 galdu egin dutela, 48 papertxo baino ez dituztela bildu. Ultraeskuindarrek 5 bozka lortu dituzte udalerrian.
Hauteskundeen emaitzak eskualdean (pdf). Argazkian, pasa den otsailaren 16an udaletxean "salbuespen egoera" salatzeko pankarta. Gaur ere abstentzioaren bidez salatu ei dute hainbat hauteslek.