Genovan, prefosta, irabazi egin dute... bertako alderdi guztiek. Rajoyk zer esanik ez. 405.000 bototan gehituko du PPren babesa eta 5 diputatu gehiago eskuratu ditu. Gainera, Senaturako hauteskundeak irabazi egin ditu 101 senatari lortu dituela. Autonomia erkidegoek izendatzen dituztenak aztertuz gero, baliteke blokeo-oposiziorako baliogarria izatea ganbara hori. Baina, Genovan Rajoyren erorketa espero zutenek ere badituzte argudioak hauteskundeak galdu egin dituelako (nahiz eta berak "Espainiaren onerako" Zapaterok irabazi duela erdi onartu), eta edozein bilera izan daiteke barne estatu kolpe baten haztapena. Bai FAESetik, baita Madrilgo erakunderen batetik ere, izan Udala zein Autonomia Erkidegoa.
Marisa
Uribe Kostan ere Marisa Arruek irabazi egin du, behingoz, Getxon, baina 3 botoengatik baino ez du lortu, behar ez denean, eta diputatu aulkia galdu du. Gainera, PSOEk EAJren babesa merke lortuz gero, zertarako oparitu beharko lioke Pastorrek Getxoko alkatzetza? Euria egin du Fernando Maurak Getxoko hautagaitza erabakitzeko barne hauteskundeak egitea proposatu zituenetik eta ordainean ostrazismoa jaso zuenetik baina egongo da beti bigarren edo hirugarren izateaz aspertuta dagoena ere eta talka egiteko aukerak handiagoak izango dira orain, Marisa Madrila joan behar ez dela.
Rosa
Espainian eta espainiar sutsuekin jarraituz, Rosa de España baino rojigualdagoa den Rosa Diezek irabazi egin du. 303.533 boto eta bera diputatu. Kanpaina ordaindu ahal izango dute eta alderdiari azpiegitura minimo bat ipini, abentura jarraitzeko. Dena den, Lakuako Turismo Saila faltan botatzen bazuen, akabo tristura, alderdia atontzeko kanpainan baino hamaika bide gehiago egin beharko baititu eta kanpainan ikusi denez, bera baino ez da "ezinbestekoa". Dena den, Andaluziako parlamentuan sartzea ere ez egiteak ez du gauza oso onik esaten. Hego Euskal Herrian ere ez dirudi 13.058 boto gehiegi direnik euskal herritarrak tirania abertzaletik askatu behar zuenarentzat.
Josep Antoni
Duran i Lleidak ere, zer esanik ez, irabazi du: diputatu bat gehiago erdietsi du CiUk Madrilen, nahiz eta 61.000 boto galdu, baina batez ere, "Espainiako politikaren indar zentrala" delako eta bere 11 diputatuekin Gobernuari erabateko egonkortasuna emateko giltza duelako. Baina, horretarako Montilla, PSC, ERC eta ICVk sostengatzen duten Hiruko Gobernuaren amaiera eskatzea bada kontua... jai daukate. ZPk dagoeneko agindu zion Masi Estatutari buruzko negoziazioetan, baina geroago ahaztu zitzaion agindutakoa betetzea, PP, ERC, EAJ, Parlamentua, eta ETArekin gertatu zaion moduan. Era berean, ERCk eta ICVk kolpe handia hartu duten bitartean, hauteskundeen garaipenaren ohoreak Josep Antoni berak edo Masek aldarrikatuko dituen ikustekoa izango da, burujabetzaren eztabaidaren eta koalizio barneko norgehiagokaren jarraipena egiteko.
Josep Lluis
ERCk eta Carodek ez dute esan irabazi dutenik, 8 diputatutik 3ra jaitsi eta 250.000 boto baino gehiago galdu ostean. Ez, esan dutena da Estatut berriak frustazioa eragin duela eta hori dela eta hainbat jarraitzaile etxean gelditu direla. Hortaz, alderdiak azken boladan erabiltzen duen mezu independentista sustatzeko egin dute irakurketa.
Gaspar
Gaspar Llamazaresek onartu du emaitza kalapita izan dela (5 diputatutik 2ra eta beste 300.000 boto gutxiago), eta aurrekoen ostean egin ez zuena orain egingo du: buruzagitza utzi. Litekeena da bere atzean IUko hainbat langile ateratzea, laster defizitak janda ibiliko baita erakunde politiko hori. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, berriz, Madrazo 50.123 botoekin baino ez da gelditu, orain dela lau urtekoaren erdia, baina Javierrentzat ondo dago hori, oraindik EAEko "laugarren indarra" ei delako, Eusko Abertzale Ekintza eta ezker abertzale kontuan hartzen ez duelako. Nafarroan ere herena galdu dute.
Uxue
Uxue Barkosek ere ospatu du garaipena, izan ere bera atera baita diputatu eta mantenduko du gainera Iruñeko aulkia. Berdin da koalizioak esan izana bi diputatu aterako lituzkeela, ezta PSN gaindituko zutela eta abuztuko traizioa ordainaraziko zioten. PSNk inoiz lortu duen emaitzarik onena lortu du eta bitartean NaBaikoek 1.000 boto gehiago atera dituzte eta kitto. "Urre zaporea" eta guzti atera dio jesarlekuari. Bestalde, Ea eta Aralarren etorkizunak gero eta zalantza gehiago sortzen duela, zer eragina dute alderdien jaitsierak nafar koalizioaren barneko orekan?
Iñigo
Iñigo Urkulluk hainbat arlotan irabazi du. Leku gehienetan udal hauteskundeetan galdutako milaka boto berreskuratu ditu. Gainera, Kongresuko talde parlamentarioari eutsi dio. Baina aurretik hainbat kontu argi zeukan: kanpainan Ibarretxeren kontsulta ezkutatu, 7 diputatu eta 6 senatari hartu, Imazekin alderdian izandako zauriak osatu eta ezker abertzaletik 2004an bezala hainbat botu-emaile eskuratu, ondoren Zapaterorekin egonkortasun hitzarmena Madril, foru aldundiak eta Lakuarako eskaini, txu-txu trena eta bidaiarako beste kontutxo batzuekin pack osoa eginez. Izan ere, EAk, EBk eta Aralarrek duten erorpen abiadura azkartzen baitoa. Diputatu 1 eta 4 senatari gutxiagorekin, "euskal gatazka behin-betiko konpontzeko" akordioa eskaini dio Zri, gogoratu gabe aurretik EAJk "igandea baino lehen erantzuteko" proposamen berbera egin zuela. Eta horretaz, jada, hitz egin zutela Loiolan, Urkullu bera zegoela, "PSOEri buruan pistola jarri zioten" esaldia asmatu zuenaren ondoan. Eta Zren ordezkariek, eta EAJk, zehaztasunik gabeko testuak hobestu zituztela, hots Eta PSOEk CiU baino ez duela behar. Eta Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan PSE-EEk irabazi duela.
Unai
Unai Ziarretak ia estreinatu berria duen alderdiari buruz "kanpaina ona" egin duela esan du eta ETA eta ezker abertzaleari leporatu die diputatu barik egotea eta 80.000 bototik 50.000era jaistea. Baina, hain zuzen ere, iazko hauteskundeetan ikusi zen bezala, ezker abertzaleak bere burua aurkeztu ahal izatekotan ordezkaritza lortuko luke eta berdin geldituko litzateke EA diputatu gabe. Omen dute gorago egingo Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, baina berdin jarraituz gero (eta EAJk beste PSOErengan bazkide egonkorragoak topatuz gero), beren kabuz nekez gaindituko lukete %3ko muga Araban eta Bizkaian.
Jon
Jon Abril aspaldiko lagunak ere zer edo zer ospatzeko dutenen artean koka dezake bere burua. izan ere, "emaitzak onak" izan direla dio Eusko Autonomi Erkidegoan botoen %25 galduta, "Aralar delako alderdi abertzale eta soberanisten artean emaitza eusten dien alderdi bakarra”. Hortaz, bloke horretan ez du kokatzen NaBai, 1.000 boto gehiago atera dituela (orduan zer da Nabai?), ezta EAJ, Aralarrek bezala %25 galdu duena, eta ezker abertzalea aurkezterik izan ez duenez, EA baino ez da gelditzen esateko Aralar baino okerrago dagoela, ez badu beren bazkide ohia den EB zenbatzen (EB abetzale?). Bueno, dena dela itsuen erreinuan begibakarra nagusi. Eta nagusi bezala mintzo die Aralarrek ez dakit oso ondo nortzuei: "soberanistek gogoeta egin behar dugu, erabakitzeko eskubidea praktikara eraman nahi badugu”. Ez du txarto jotzen aurretik soberanista nor den eta erabakitzeko eskubidea zer eta norako den finkatzen bada.
"Ronaldo"
Arnaldo Otegi jarri dut ezker abertzalea izendatzeko pertsona gisa, besterik gabe. Kartzelan dagoenez jada, nahiz eta nik ETA-KAS-Ekin-Gestoras-Askatsuna-Jarrai-Haika-Segi-SGAEko (ups, azken horiek ez, lapsus izan da) arduradun gisa identifikatu ez dute kartzelaratuko. Beste kontu bat den datorren urtean ateratzen utziko dioten, dagokion bezala. Bada ezker abertzaleak esan dezake irabazi duela alderdi guztiek abstentzioaren kriminalizazioa egin ostean, %15 bat igo denean, eta hainbat jenderen babesa jaso duenean, ziur aski ezker abertzalea bozkatuko ez lukeena ere bai. Baina bestalde, kontuak ateratzeko modu zehatzbakoa da eta edozein hitzordu baldintzatzeko gauza dela frogatu badu ere eta "salbuespen egoeraren salaketa" beste behin ere mahai gainean jarri badu, behar izango ditu kokatu bere militanteak arlo errepresiboaren jarraipenerako eta, aldi berean, sakoneko arazoa konpondu nahi badu, ofentsiba politikarekin jarraitzeko. Eta hor, litekeena da ETAren jardunak gero eta kontraesan gehiago sortzea.
Euskadi Ta Askatasuna
ETAk abstentzioarekin irabazi duela esateko badago arrazoia, abstentzio horrek izan duen segimendu zabala dela eta, nahiz eta hautu horren alde egin duten gutxik baino gehiagok ETArekin bat egiteko baino, egoerak eskatuta eta nahiz eta ETAk eskatu egin duten. Bestalde, Isaias Carrascoren hilketarekin, ETAk frogatu du erakundea bizirik dagoela eta hiltzeko kapazitatea baduela, eta erantzukizun politikoa ez duen langile bat akabatzeko gauza ere badela erakutsi du, horrek mehatxatuen kolektiboa nabarmen biderkatzen duela jakinik edo ez. Azken boladako Gobernuaren sarekadei erantzuten edo ez. Eta orain dela lau urte gertatu zen bezala, ETAren asmoa Gobernu aldaketa eragitea edo PSOEra boto gehiago bideratzea ote zen, edo ez bata ez bestea, noizbait jakingo dugu. Edo ez. Bitartean, dolu espiral horretan ETAk arriskua du bere ondoko komunitateak kale egin dezan, une egokian eta baldintza egokietan emango litzatekeen balizko negoziaziora heldu baino lehen. Baina orain arte beti izan du Madrilen eta Parisen, Gasteizen eta Iruñean espiral hori elikatzen lagunduko duenik, komunitatea trinkotuz.