Eusko Jaurlaritzako
Herrizaingo Sailak haize denboralea iragarri du gaurko eta biharko. Bereziki arriskutsua izango da itsasoan eta kostaldean. Izan ere, 100 kilometro ordutik gorako haize boladak eta bederatzi metrorainoko olatuak espero dira.
Euskalmet Euskal Meteorologia Zerbitzuaren arabera, bihar sei eta zazpi metrora jaitsiko da olatuen altuera goizean zehar. Iragarpen horren aurrean, Herrizaingo Sailak kontuz ibiltzeko eskatu die herritarrei, bereziki kostaldean eta itsasoan, edozein motatako jarduera egiteko orduan, eta zenbait gomendio eman ditu denboraleari aurre egiteko. Horrela, pertsianak, leihoak eta leiho-ateak ixteko esan du; baita loreontziak, eskegitako gaiak, oholak eta haizeak eraman ditzakeen bestelako objektuak kentzeko ere. Ibilgailuak kontu handiz erabiltzeko eta kostaldeko bideak, zubiak eta haizeguneak saihesteko gomendatu du. Halaber, ontzirik ez erabiltzeko eta amarrak zaintzeko eskatu du. Ildo horretan, ur kirolik inolaz ere ez egiteko nabarmendu du. Azkenik, zuhaitzen, eraikitze lanetan dauden eraikinen edo kostaldeko pasealekuen ingurutik ez ibiltzeko, eta agintarien aholku eta aginduak betetzeko gomendatu du. Istripurik izatekotan, 112 SOS Deiak-era deitu behar da. Argazkian, olatu bat Algortako Portu Zaharreko murruaren kontra apurtzen.