Urtero bezala Arrantza Astea antolatu du Leioako Kastoreak elkarteak. Aurtengo edizioa, hamalaugarrena, bihar bertan hasiko da eta, igandera arte, kirol horrekin harremana dituzten hainbat ekintza izango dira. Horien artean bideo emanaldi eta hitzaldiak, irteerak edota Algortako Ereaga hondartzan egiten den ohiko erakustaldia izango direla. Gauzak horrela, lehenengo hiru ekitaldiak Sakoneta kiroldegian izango dira, 19:30etatik aurrera: azteazkenean Patagoniako arrantza izango dute aztergai, Guy Roques frantziarraren eskutik. Aldi berean, bere azken lana, "Delirios de un pescador mosca" izenburuko liburua aurkeztuko du horrek. Ostegunean, berriz, "Estuario del Nervion, un sistema lleno de vida" izango da gaia eta Bilboko Ur Partzuergoko Juanjo Agirre Picaza izango da hizlaria. Azkenik, ostiralean, Angel Fernandez donostiarraren txanda izango da. Kostaldetik egindako arrantzan munduko txapelduna da bera eta horretaz arituko da. Larunbatean, Ereagako hondartzan egingo dute erakustaldia, goizeko 10etan, Fernandez eta bere taldeak, eta arratsaldean, 16:00etan, partaide guztiak Elexalde Errotako lakura abiatuko dira. Azkenik, Arrantza Asteari behar bezalako amaiera emateko, igandean irteera bat antolatu dute txikienentzako Kanpetzuko (Araba) lakura. Argazkian, mutiko bat bere aitarekin arrantzan Kanpetzun.