Orkatz Gallastegi Berangoko preso gaztea atzo atera zuten Valdemoroko espetxetik (Madril), Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. "Espetxearen aldetik inolako informaziorik eman ez badute ere berriro Castelloko espetxera (Herrialde Katalanak) eramango dutela suposatzen dugu. Horrela bada, ostegunean iritsiko da bertara, bidaian besterik gertatzen ez bada behintzat", adierazi du errepresioaren kontrako erakundeak. Gallastegi otsailaren 18an eraman zuten Castellotik Madrilera,
Urtzi Murueta leioaztarraren epaiketan lekuko modura deklaratzeko, 2001eko azaroaren 7an ETAk Algortako bere etxe aurrean hil zuen Jose Maria Lidon epailearen hilketa gaineko auzian. Castelloko espetxea Berangotik 629 kilometrotara dago. Argazkian, Orkatz Gallastegi berangoztarra beste epaiketa batean.