"Hitzen" edizio jarraituetako informazioa bateratu eta gaurtik aurrera sarean den Hitza.info webgunea abiarazi dute tokian tokiko prentsa sustatzeaz arduratzen den Euskarazko Komunikazio Taldearen barneko Bertako Hedabideek. Euskarazko herri informazioaren atari garrantzitsuena bihurtzea da asmoa: bertan bilduko dituzte, alde batetik, "Hitzetako" 102 herrietako informazioa (Tolosaldekoak eta Leitza aldekoak, Urola Kostakoak, Donostiakoak, Lea-Artibaikoak eta Mutrikukoak, Busturialdekoak, Goierrikoak eta Oarsoaldekoak); bestetik, herri informazioaren inguruan lanean ari diren beste hainbat agerkari digitalen edukiak eta albisteak ere bilduko dituzte. Izan ere, Hernaniko (Gipuzkoa), Arrigorriagako (Bizkaia), Baztan eta Bortzirietako, Bidasoako, Iruñerriko eta beste hainbat herri eta eskualdetako informazioa ere izango da webgune berrian, "Ttipi-Ttapa", "Hernaniko Kronika", Bidasoa Media, Arrigorriagan Euskaraz, Nabarreria eta beste hainbat komunikabiderekin abiarazitako elkarlanari esker. UKBERRI.NETek ere begi onez ikusi zuen Bertako Hedabideek egindako gonbitea eta, horrenbestez, Uribe Kosta eta Erandioko albisteak ere egongo dira eskura webgune berrian. Hitza.info gaur aurkeztuko dute, 19:00etan, Donostiako Doka kafe antzokian. Argazkian, Goierriko Hitza berrituaren aurkezpena, azaroaren 8an / Goierriko Hitza.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!