Gai horri buruzko doktore-tesia aurkeztu du Pablo Cermeño Villanueva biologoak, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Lan horrek antxoaren adina hiletako edo astetako zehaztasunez -eta ez urtetako zehaztasunez- neurtzea ahalbidetzen duen erreminta bat aurkezten du eta antxoaren hasierako hazkunde-faseen ikerketetan lagun dezake. Hasierako hazkunde-fase horiek eragiten diote gehien arrainaren biziraupenari, eta, ondorioz, zenbaketari. Doktore-tesiaren izenburua hau da: "Analysis of the microstructure of the otoliths for growing and recruitment. Application to the European anchovy (Engraulis encrasicolus) in the Bay of Biscay" (Otolitoen mikroegituraren azterketa hazkuntzan eta zenbaketan, Bizkaiko Golkoan Europako antxoari (Engraulis encrasicolus) aplikatua).
Horren zuzendaria Mediterraneoko Ikerketa Aurreratuen Institutuko (IMEDEA) Beatriz Morales-Nin izan da, eta ikertzaileak AZTI-Tecnalia Fundazioan garatu du doktore-tesia, Andres Uriarteren babespean. Lan hori Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia sailean aurkeztu du eta bikain cum laude kalifikazioa lortu du. Pablo Cermeño Villanueva Biologian doktorea da, Euskal Herriko Unibertsitatean. Gaur egun, AMBARen (Itsas Faunaren Ikerketarako eta Babeserako Elkartearen) sortzaileetako bat eta lehendakaria da, eta World Wild Foundation-erako (WWF) ere lan egiten du.
Eguneroko hazkunde-teknikak
Eguneroko hazkunde-teknikek alor horretako zenbait alderdi ezagutzeko eta horien eta ingurumenaren arteko elkarrekintzak ezagutzeko aukera eskaintzen dute. Hain zuzen ere, teknika horiek garatu dira lan honetan, eta, ondorioz, Europako antxoa Bizkaiko Golkoan nola eta noiz batzen den argitzen lagunduko du. Hazkundearen lehen fasetan, horren eta hilkortasunaren artean dagoen harremana ulertzen ere lagunduko du, ikertzaileen arabera.
Antxoa gazteen adina egunetan zehaztuz gero, gazte edo larba fasea igaro duten horiek zer hilabetetan jaio diren jakitea lor daiteke. Datu horiek urtetik urterako datuekin alderatu ez ezik, urtean zehar gertatzen diren gorabeherak ere ezagutu daitezke. Aldaketa horien eta kondizio ozeanografikoen arteko erlazioa ere ezagutu daiteke.
Doktore-tesi honen helburua da teknika hori Europako antxoaren ikerketarako eta kudeaketarako garatzea eta aplikatzea. Horretarako, espezie horretan lehenengo aldiz balioetsi dia hazkunde-eraztunen eguneroko eraketa, zenbait markaketa kimiko eginez gatibualdian. Kaltziozko konplexu disolbagarri baten laguntzarekin egiaztatu dute antxoa gazteek nahiz helduek hazkunde-eraztun bat sortzen dutela egunero haien otolitoetan; gatibualdi laburretan bai, behintzat.
Otolitoetan metatutako hazkunde-eraztun horiek eguneroko hazkundearen berri ematen duen patroi bat osatzen dute. Patroi hori ekortze-mikroskopio elektronikoaren nahiz mikroskopio optiko baten eta irudi-analizagailu baten laguntzaz aztertu dute. Hala, antxoaren adinaren irakurketa eguneka egiten duen metodologia proposatzen du lan honek. Metodologia hori baliagarria izan liteke gainerako ikertzaileentzat ere. Metodologia horri esker, Europako antxoaren lehen hilabeteetako hazkunde-kurba lortu dute.