Dagoeneko aukeratu dituzte aurtengo Getxoko Jazzaldiaren lehiaketan parte hartuko duten taldeak, Getxoko Kultur Etxeak jakinarazi duenez. Aurten 50 bat taldek parte hartu dute aurreneko fasean eta, horien artean, honako lau hauek hartu ditu epaimahaiak: Flux (Danimarka), Kristian Brink Quartet (Suedia), Tutusaus Septet (Espainia) eta Ondrek Pivec Organic Quartet (Txekiar Errepublika). Horiek uztailaren 8tik 12ra joko dute lehiaketako lehen saria eskuratzeko, eta irabazlea berriro arituko da azken egunean. Sariei dagokienez, 3.000 euro jasoko dituzte txapeldunek eta diskoa grabatuko diete zuzenean. Bigarren sariari, berriz, 1.200 euro dagozkio eta, azkenik, bakarlaririk onenak 600 euro jasoko ditu. Sariez gain, irabazleek Hoeilaarteko (Belgika) eta Ibizako (Espainia) jazzaldietan parte hartuko dute, Getxo Jazzek horiekin duen akordioari esker. Argazkian, People Are Machines laukote daniarrak lortu zuen garaipena iaz.