Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik kanpo bizi diren Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek postaz bidalitako bozkek martxoaren 9ko Espainiako Kongresu eta Senaturako emaitzak berretsi baino ez dute egin, PSE-EE eta PPren arteko boto aldea gaindituz, gainera. Marisa Arrue Getxoko popularren bozeramaileari 481 botoengatik ihes egin zitzaion Madrilgo Kongresuko bere aulkia. Baina Rut Martinez jelkide erandioztarraren mesedetan barik, inork espero ez zuen Josu Montalban PSE-EEren kidearentzat joan zen eserlekua. Posta bidezko bozkak batuta ere azken horri egokitu zaio diputatu txartela, orotara, 1.137 botoen aldea ateraz Arrueri. Bestalde, aipatu beharra dago, hurrengo lau urtetan Imanol Zubero PSE-EEko senataria izango dela Uribe Kosta eskualdearekin zer ikusia duen ordezkari bakarra, Espainiako Gorteetan. EHUko Leioa eta Erandioko campusean Soziologia irakaslea da bilbotarra. Izan ere, azken lau urteetan EAJren diputatu ibili den Margarita Uria getxoztarrak ez du Senatuan lekurik lortu. Argazkian, Marisa Arrue Getxoko PPko bozeramailea.