Joan den larunbatean, martxoak 8, beldurrak airean joan zitzaizkien, une batez, Algortako geltokian itxaroten ari ziren bidaiariei. Nasa jendez gainezka, 21:25ak aldera, eta metroa heltzeko minutu bat baino gutxiago falta zela, trenbidera erori zen gazte bat,
"El Correo" egunkariak gaur zabaldu duenez. Guardia lanetan dabilen Jon izeneko 21 urteko mutilak, baina, ez zuen bitan pentsatu: nasa guztia arrapaladan igaro, trenbidera jaitsi eta gora altxatu zuen eroritako 32 urteko lagun getxoztarra. Dagoeneko zaindaria ere goian zegoela, lau segundu eskasera ailegatu zen geltokira metroa.
Metro Bilbao garraio enpresako iturriek adierazitakoaren arabera, sakeleko telefonoari begira "bere baitan bildurik" zegoen mutila, jausi zenean. Eskuan mina hartu arren, gainera, ez zuen anbulantziarik joaterik nahi izan, eta eskerrak eman ostean, alde egin zuen. Argazkian, metroko langile bat beharrean, bezeroak trenera sartzen diren bitartean, artxibo irudi batean.