Ekaitzaren ostean barealdia datorrela diote. Orain, baina, ez dute lan makala izango itsas-gizon, ostalari, dendari eta udal arduradunek: olatuek astelehenean eragindako kalteak zenbatu eta konponketa lanetan hasteko ordua heldu zaie. Hala ere, gertatutakoen artean Uribe Kosta eskualdean larriena izango zena, Armintzan pasatzear egon zen. Asteleheneko 20:30ak aldera, portuko dikean zebilen bikote gaztea irentsi zuen olatu batek. Mutilak ontzi bati heltzea lortu zuen; neska, baina, itsasoan barrera zihoan noraezean. Hori ikusita zalantza izpirik ez zuen izan inguruan zebilen Jon Sasia suhiltzaileak eta, lehendabizi, emakumea erreskatatzera bota zen uretara, baita lortu ere. Gizonezkoari, berriz, itxaroteko esan zion, hurbil zegoen bere etxera neopreno jantziaren bila zihoan bitartean. Hamar minutu nahikoak dira horrelako baldintzetan hipotermia izateko. Baina heldu zenerako, azken hori salbu zegoen jada, beste bi lagunek bota zioten sokari eskerrak. Argazkian, Algortako Portu Zaharreko murru handiko punta olatuek apurtuta.