On Joxandres eta alderdia

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mar. 13a, 21:00

Neguko arratsalde gris eta triste hartan, Bilbotik gure herrirako trena hartu genuen hiriburuan egun osoa igaro ostean. Noizean behin eskola egutegiak sariren bat izaten du, eta egun hartako irtenaldiak eman zigun hartaz gozatzeko aukera. Arratsaldeko bostak baino ez ziren, baina egunak zeukan argitasun urria zela kausa, bagoiaren argiak pizturik zeuden. Amezolako geltokira iritsi, eta trenean gizon heldu bat, argala eta garai samarra sartu zen maleta bat eskuan, eta soinean traje eta gorbata jantzita. Gainetik beroki gris antzeko bat zeraman, Bilbok sarritan izaten dituen egun heze eta ustel horien hoztasunari aurre egiteko aproposa. Hark ez zituen berrogeita hamarrak beterik izango, baina bere ile urdina zela eta, urte gehiago zeukala pentsa zitekeen. .Artean nik neuk ez nuen gizona ezagutzen, eta gure ondoan eseri zenean hiriburutik bere herrira zihoan beste bulegari bat gehiago zela pentsatu nuen. Bai harritu ninduela, gizona gutako batzuekin zabal eta maitagarri hitz egiten hasteak. Une hartan aldarte onean zegoen, eta berak aukera eman zidalarik neu ere berarekin hizketan hasi nintzen. Itxuraz bera eta bion artean berdintasunezko harremana ezarri zen, baina une hartan bertan jada gizon horrek sorbaldaren gainetik begiratzen gintuela susmatu nuen. Edozelan ere, inolako asmo txarrik tartean ez zela hizketari ekin genion, eta elkarrizketa haren bitartez trenaren barruan eguraldi heze eta ustelari puntu koloretsu bat jartzen geniolakoan nengoen. Trenetik irten, eta nire inguruan zeudenen bitartez jakin nuen gizon horrek Joxandres Ibarra zuela izena.

Alabaina nire poza putzuan amildu zen denbora luze samarra pasaturik. Sarritan eguraldi euritsu eta hezeak eguzkiari tartea emango diola pentsa genezake, baina hodeiak traidoreak dira, eta konturatu orduko aterkiak berriz zabaldu baino lehen euriak bere indarrarekin erasotzen gaitu, batzuetan ahul besteetan bortitz. Kontua da ezen treneko elkarrizketa hartan ikusi uste izan nuen eguzkiak ez zuela ez argirik ez berotasunik emango. Denbora pasatu, eta On Joxandresek gure itsasontziaren burukidea zela konturatu nintzen, eta itsasontziaren interes ekonomikoak babesten zebilen aitzakian, beste burukideekin batera makinako marinel batzuen aurkako jazarpen ezkutua jarri zuen abian. Eta ni, inozo honek, tarte hartan itsasontzia denona zela pentsatzen nuen. Ordura arte, berak beti azpimarratzen zuen nor zen aginte zubiko burukidea eta nor makinako marinel hutsa. Denok itsasontzi barruan geunden, bai, baina batzuk euren eserlekuak eta tokiak finko zeukatela, herrian omen zeukaten halako ospe on baten ondorioz irabazirik. Eta, jakina, irabazleak egoteko galtzaileak ere egon behar dira, eta batzuok herrian ospe txarra irabazten ari ginen, antza.

Hala eta guztiz ere, marinel batzuk uretara jaurtiak izateko arriskutan bageunden ere, makinako marinel arduradunak zubiko agintarien laguntzaileak ziren, eta horrek giroari halako kirats astun bat zabaltzen zion, elkarbizitza erabat usteltzen zuena. Horrexegatik On Joxandresek, gainontzeko burukideak eta marinel fidel batzuekin batera, txalupa txiki batean ezarri eta itsaso zabal eta hotzaren erdian jarri ninduen gupidarik gabe. Inguruan ez irlarik ez beste itsasontzirik.

Harrez geroztik, bere berri gehiagorik ez dut izan. Hala ere, gaur egun oraindik trenaren barruan ikusten dut bere handiki planta eta guzti. Orain ondo dakit egun heze eta ustel hartatik babesteko beroki hartaz gain, handikeriaren geruza ere bazeramala gainean inguruko marinel ustez arriskutsu horietatik babesteko. Baina bera orduan ez zen ustelkeria barrutik zeramalako kontuan erori, eta gaur egun seguru nago gorputz argal eta garai horri orduan baino ustel usain handiagoa dariola, ustel usain bat egunetik egunera handiagotuz doana, eta gero eta jende gehiagok igartzen duena. Azken emaitzak ikustea besterik ez dago.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun