Ariel Dorfman antzerkigile argentinar famatuaren "El otro lado" (Beste aldea) lana antzeztuko dute larunbat honetan, martxoak 15, Algortako Getxo Antzokian. Saioa estreinaldia izango da Euskal Herrian, eta Charo Lopez (argazkian) aktore espainiarra du protagonista. Gerren eta muga politikoen zentzugabekeria du gai nagusitzat antzezlanak. Emanaldia 20:00etan hasiko da eta sarrerak salgai daude Algortako kultur etxean, BBKren orotarako kutxazainetan, www.bbk.es webgunean eta 944 310 310 eta 944 914 080 telefono zenbakietan,
Getxoko Kultur Etxeko arduradunek jakinarazi dutenez. "El otro lado" tragikomediak adineko bikote baten harremanak erakusten ditu. Etxola apal batean bizi dira eta errealak ez diren bi herrien (Constanza eta Tomis izenekoak) arteko gudan hil diren soldaduak identifikatzea eta hobiratzea da euren lana. Egun batean bikotearen lan makabroa eten egiten da. Soldadu bat etxolan sartu eta muga-lerro bat marrazten du etxolaren barruan, senar-emazteen ohea erdibituta. Ordutik aurrera bikotearen bizitza erabat aldatuko da: bisa eskatu behar izango dute komunean sartzeko edota sukaldean bazkaria prestatzeko.