Fredi Paya: "Sao Paulo"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mar. 14a, 12:17

Bederatzi urterekin hasi nintzen bertsotan, orain dela 17 udaberri. Algortan, kalean, inor gutxik zekien bertsolaria zer zen. Ikastolan edo herriko plazan abesten nuenean beste umeek barre egiten zidaten eta folkloriko deitzen dit oraindik ere hainbat postaletako Che Guevarak. Herriko dantza taldean ibiltzeagatik marikoia nintzen eta txistua eta trikitixa ikasteagatik pringaua. Apurka-apurka, eta zenbait jenderen lan iraunkorrari esker, Euskal Herrian urtero bertso saio gehien antolatzen duen herria da Algorta. Eta gure kulturari barre egiten zioten horiek euskaltzale eta abertzaleak dira orain, edo hori esatetik bizi dira behintzat. Argazkia: Koska irratia.

Gernikan hartu nuen parte lehenengo aldiz txapelketa batean, 12 urterekin. Frontoi bete lagunen aurrean abesteko ordubeteko autobus bidaia egitea munduko abentura xarmagarriena iruditu zitzaidan. Eta handik Lesakako finalerako sailkatzeak ordu arte nire barruan baino ez zen mundu bat naturaltasunez bizi zela erakutsi zidan. Pringauez beteriko lurraldeak bazirela, zelanbait esateko.

Ordutik asteburuak bertsotarako izan dira. Balmasedak mendebaldean, Barkoxek ekialdean eta hegoaldean Gasteiz eta Uhartek (Nafarroa garaia) mugatu duten lurraldea. Enetzako, bertsoaren errepublika.

Gaur bertso saioa dugu anaiak, Maialen Lujanbiok eta hirurok Sao Pauloko Unibertsitatean. Brasileko ipar-ekialdeko zein Kururu kulturetako inprobisatzaile eta free-style raperoekin batera. Ustez etxeko zapatiletan ibiltzeko baino balio ez zuen euskararen txankletak jantzita.

Eta berriro ere, bederatzi urteko umea naiz mundu berri baten aurrean.

Fredi Payak gaur "Berria"n argitaratutako artikulua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun