Atzo arratsaldean abiatu ziren Euskal Herritik, Xabi eta Fedi Paya eta Maialen Lujanbio, eta gaurtik aurrera izango dituzte saio eta hitzaldiak Brasilen. Handik Argentinara egingo dute salto 9 de Julion (hilak 20) Saladillon (hilak 22) eta Cascomusen (hilak 23) emanaldiak egiteko. Amaitzeko Montevideon (Uruguai) izango dute ekitaldia, martxoaren 29an, apirilaren 1ean etxera bueltatzeko. Unibertsitateetan bertso saioak eta hitzaldiak emango dituzte; euskal etxeetan, berriz, saio arruntagoak izango dira. Horrez gain, Radio Nacional de Buenos Airesek inprobisazioari buruz duen irratsaioan bertsolaritzari buruzko programa egingo dute. Ibilbide guztian zehar, gainera, ahozko poesia jorratzen duten lagun brasildar, argentinar eta uruguaitarrekin aritzeko aukera izango dute, Paulo de Freitas Mendonça, Juan Alberto Lalanne eta Balvina Ramos tartean direla. Ahaztu gabe, noski, Wilson Saliwoncyk payadorearekin emango dituzten saioak.
Inprobisatzaile gaztelaniadunekin abestuko dute Brasilen, Argentinan eta Uruguain, baina baita hizkuntza indigenetako kantariekin ere, Amazoniako ururu indigenekin esate baterako. Euskarak ere tokia izango du hirurek bakarrik emango dituzten saioetan. Gainera, Wilson Saliwoncyk gurean izan zenean bertsoak egiteko modu bitxia ere asmatu zuten. Fredik kantatutako bertsoak itzultzen zituen Xabi Paiak, gaztelaniara eta errimaturik, eta haiei erantzuten zien argentinarrak.