Herenegun PSE-EEkoak izan ziren kolokan zegoen Espainiako Kongresurako Bizkaiko azken txartela eurei egokitu zitzaiela zabaltzen lehenak, Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramailearen kaltetan. Gaurkoan, berriz, posta bidezko bozkek, Getxo udalerrian, "berriro" EAJri eman diotela garaipena jakinarazi du, prentsa ohar bidez, Udalak. Espainiako Barne Ministerioaren webgunean martxoaren 9tik hona datuak aldatu ez dituzten arren, Bizkaiko Hautes-Batzordeak jakitera emandako behin betiko emaitzen berri eman du tokiko erakundeak. Horien arabera, EAJk 14.323 (%30,41), PPk 14.321 (%30,41), PSE-EEk 12.130 (%25,75), EBk 1.612 (%3,42) eta EAk 1.127 (%2,39) boto lortu dituzte, hurrenez hurren. Abstentzioa, berriz, %27,14koa izan da, 2004ko hauteskundeak baino ia %7,10 handiagoa (%20,05ekoa izan zen orduan). Gogoratu, hauteskunde gauean PP atera zela irabazle Getxon, EAJri hiru botoko aldea ateraz. Orain, baina, 2 bozkengatik lortu dute garaipena jelkideek. Argazkian, Imanol Landa alkate getxoztarra bozkatzera zihoan unean.