Ipar Euskal Herrian Frantziako Estatuak ez du aldaketarik eragin. Konstituzioak bere horretan jarraitzen du eta herritarren kontsumo-eskubideen inguruko neurriak hartzera behar dezakeen Erregio edo Gutxiengoen Hizkuntzen Europako Ituna ez da berretsi; beraz, lehengo lepotik burua. Gainera, 2008an euskararentzako aurrekontuetan inbertsio gutxi egingo da mundu sozio-ekonomikoan. Horrela, esaterako, komunikazio-enpresek zerbitzuak aldatzeko beharrik ez dutela erantzungo dute, seguru asko, hizkuntza-eskubideen urraketak helarazten zaizkienean, 2007an bezalaxe.
Nafarroako Gobernuan ere aldaketarik ez da izan. Legeak bere horretan dirau eta 2008 urterako aurrekontuetan ez dago mundu sozio-ekonomikoarekin lotutako diru-partidarik. Are gehiago, egun indarrean dagoen ordenamendu juridikoa ez dela ukituko agertu dute; eta beraz, Nafarroako kontsumitzaile euskaldunoi berriz ere ukatuko egin zaigu existentzia.
Eta horrek badu eragina zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresen artean. Izan ere, 2007an kudeatutako hainbat kexatan Nafarroako kontsumitzaileen eskubideen bermean atzerapausoak egiaztatu ditugu. Estatu mailako enpresa batek, esaterako, Nafarroa osoa eremu ez-euskaldun bihurtu du, eta egun, bezero berriei ez die hainbat zerbitzu euskaraz jasotzeko eskubidea aitortu ere egiten. Horra hor zonifikazioaren eta legezko babesgabetasunaren beste ondorio bat.
EAEn beste urte bete galdu da. Izan ere, iazko kritika bera egin behar dugu. Eusko Legebiltzarrak onartutako 6/2003 Legea bere horretan dago, izozkailuan. Hori garatzeko aurreikusten zen dekreturik ez da argitaratu; beraz, beste urte batez enpresen (in)tolerantzia-maila izan da geure hizkuntza-eskubideen bermerako babesa.
Antza, Dekretu berria aurki onartuko da. Hortaz, epe laburrean berri pozgarriren bat izango dugu. Hala ere, badira Dekretu berriaren inguruan sortutako hainbat kezka eta zalantza.
Dekretua lau urteko atzerapenenarekin datorrela kontuan hartuta, zein izango da progresibitatea neurtzeko irizpidea? Kontuan hartuko al da lau urtez Legearen artikulu asko betetzeko derrigortasunik ez dela izan? Ez baitute balio orain dela lau urte ezarri behar ziren progresibitate-irizpideek. Establezimenduek arauetara egokitzeko epe onargarri eta jakina izan behar dute, baina nahikoa eta bete beharrekoa dena.
Bestalde, Dekretu-zirriborroan ezartzen diren zenbait derrigortasun ingurune soziolinguistikoari lotzen zaizkio. Ez genuke nahi, herritarrek Behatokira jotzen dutenean, hizkuntza-eskubideen bermea bizi diren tokiak baldintza dezakeela adierazi behar izatea; badugu Nafarroan aski eskarmentu. Askotan entzun izan dugu ofizialtasun bikoitzaren ondorioz herritarrei eskubide berdinak aitortzen zaizkiela; bada, oker gabiltza hizkuntza-eskubideen bermea ezagutza-tasak baldintzatuko badu.
Azken kezka etiketen afera litzateke. Euskara etiketetatik aldentzen duen Europako Batzordearen artezarauak bere horretan jarraitzen du, baina bada haren itzalpetik kanpoko eremu bat, eta horren garapena ez da argi geratzen dekretuaren zirriborroan.
Aurreko astean enpresa batek Behatokira jo zuen kexa bat jartzeko asmoz. Euskara hutsean etiketatzen dute eta Jaurlaritzako Nekazaritza sailak ikuskaritza egin dio. Gaztelania hutsean jakinarazi diote enpresari produktua EAEko mugetatik kanpo zabalduz gero, gaztelaniaz etiketatu beharko dutela.
Zenbat ikuskaritza egin dute EAEko mugaz barna zabaltzen diren produktuetan euskarazko etiketak bermatzeko? A, ez naiz konturatu! Ez dute Legea garatu, hortaz, ez dago ikuskaritza egiterik! Hori horrela izanik, jasoko al du Dekretu berriak EAE barruan zabaltzen diren produktuak euskaraz etiketatzeko derrigortasuna, hizkuntza-hautua edota elebitasuna bermatzeko? Hala bedi!
Paul Bilbao Sarria / Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria