Dekretuaren aurka, pasa den otsailaren 28an desobedientzia eguna burutu eta hainbat protesta izan ziren eskualdean, garrantzitsuena Artatza-Romo institutuan, bertan 45 bat lagunek parte hartu baitzuten, eta klasea eman beharrean manifestazioa eta eseraldia burutu zuten zentroko zuzendaritzaren aurrean. Baina, bihartik aurrera ikaskideen kontzientziazio lanaz haratago joango dira euskal Ikasleen antolakundeko kideak eta "dekretua gelditzera goaz!" ohartarazten dute.
Ekimenez beteriko ikasturtea
Baina ez da hori IAk ikasturte honetan izan duen lan ildo bakarra. Izan ere, "Euskal Ikasleon Eskubideen Karta"n jasotako hainbat eskubideen etengabeko aldarrikapena egin dute, hala nola, hizkuntz, kultur, hezkidetza, hezkuntzarako, Euskal Herrian ikasteko, baldintza duinetan ikasteko, Hezkuntza prozesuan subjektu aktibo izateko eta kolektibo gisa jarduteko eskubideak zein eskubide demokratikoak. Gainera, urtarrilean garaipen txiki bat eskuratu zuten Sopelako Ander Deuna ikastolan, DBHko 3. eta 4. mailako ikasleei baldintzekin bada ere, greba eskubidea onartu baitzieten.
Bestalde, aurreko urteen dinamikarekin jarraitu dute eta jai egun arrotzei intsumisioa egin diete, kasu honetan, urriaren 12 eta abenduan 6ko jai egun espainiarrei. Data horietan, 200 ikasle baino gehiago batu ziren propio antolaturiko herri eskoletan.
Azkenik, hainbaten etorkizuna izango den unibertsitate ikasketei begira, Bologna Prozesuak izango dituen eraginak aztertu eta zabaldu dituzte eskualdeko ikas-zentroetan eta Leioan eginiko nazio manifestazioan parte hartu zuten Uribe Kosta eta Erandioko ehunaka ikaslek.
Uribe Kosta eta Erandioko