Berangoko 10 emakumetatik 7k ez dute udalerrian antolatutako ekintzetan parte hartzen Mankomunitatearen arabera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mar. 15a, 19:23

Bizkaiko Foru Aldundiak emakumeek daukaten parte hartzeari buruzko azterlana egin du Uribe Kostako Mankomunitateak. Hain zuzen ere, atzo aurkeztu zituzten emaitzak Berangoko kultur etxean, foru erakundeko Berdintasun eta Herritarren Eskubideetarako zuzendari Iñigo Iturrate eta Genero Politiketarako idazkari teknikoa den Cristina Sarduy bertan zirela. Azterlan horren arabera, 10 emakumetatik 7k ez dute parte hartzen udalerrian antolatutako ekintzetan eta gehien parte hartzen dutenak 55 eta 65 urte bitartekoak dira. Horren xede izan diren emakumeak bikotekidearekin bizi dira, denbora gehiena etxeko lanak egiten ematen dute, osasun ona daukatela uste dute eta erabateko autonomia daukate. 10 emakumetatik 3k beste pertsona batzuei laguntza emateko sareetan parte hartuko lukete eta Berangoko emakumeen oroimen historikoa berreskuratzearekin eta osasun arazoengatik parte hartzen ez duten adineko pertsonei laguntza ematearekin zerikusia duten jarduerekiko interesa erakutsi dute batez ere. Argazkian, hainbat emakume askaria egiten nagusien etxean.

Mankomunitateko arduradunek ondorioztatu dutenez, emakumeek denbora erabiltzeko patroi bat daukate: atsedena hartu, etxeko lanak egin, telebista ikusi, irakurri eta paseatu. Denbora gutxi erabiltzen dute lagunekin egoteko, kultur arloko jarduerak egiteko eta arlo soziopolitikoan parte hartzeko. Azterlanean parte hartu duten emakumeen bizilekuari dagokionez, Berangoko erdigunean bizi direnak gehiago parte hartzen dutela nabarmendu dute tokiko iturriek. Arana, Basotxu eta Santa Ana aldeetan, parte-hartze maila txikiagoa da. Jarduera erakargarrienak, hasiera baten, kultur ikaskuntzarekin (ibilaldiak, bisitak museoetara...) eta osasunarekin eta bizi-kalitatearekin (ibilaldi gidatuak, gimnasia egokitua, errehabilitazioa, yoga, tai-jia) zerikusia dutenak omen dira.

"Adostasun bat dago zenbait jarduera errefusatzerakoan, hala nola, informazio hitzaldiak, sakelako telefonoa, internet... erabiltzeari buruzkoak. Eta 76 eta 85 urte bitartekoek antzerkiarekin eta gorputz-adierazpenarekin zerikusia duten jarduerak ez zaizkiela interesatzen diote. Oro har, ondo baloratzen dituzte bai udalak zein emakumeen elkarteak antolatutako ekintzak, baina horietako gehienak ez dituzte ezagutzen", diote mankomunitatetik. Erantzun duten emakumeek udalerriko ekintzetan parterik ez hartzeko daukaten arrazoi nagusia interes falta da eta gero gaixotasunak. Beste arrazoi batzuk nabarmentzen dituzte, hala nola, nagikeria, ordutegiak egokiak ez izatea, ekintzetara joateko lagunik ez izatea edo beraien laguntza behar duen senarra zaindu behar izatea.

Emakumeen profila

Elkarrizketatutako emakumeen %50 baino gehiago 55-65 adin tartekoak ziren, %20,9 65-75 adin tartekoak, eta %28 76 eta 85 urte artekoak. Bizikidetza-egoerari dagokionez, emakumeen %65,3 bikotekidearekin bizi da, ia 10etik 7. Gainerakoak bakarrik bizi dira. Beste alde batetik, 55 urtetik gorako 10 emakumetik 2 pertsona ezinduekin, gaixotasun larriren bat dutenekin edo bi egoera horietan daudenekin bizi direla nabarmendu behar da. Puntu hau garrantzitsua da, inoren laguntza behar duen pertsonak zaintzeak denbora kendu ahal duelako norberaren aisialdirako ekintzak egiteko.

Lan egoerari dagokionez, emakumeen ia erdiaren zeregin bakarra etxeko lanak direla nabarmendu behar da. Ondoren, %32 erretiratuak dira. Eta portzentaje txiki batek inoren konturako lan ordaindua dauka edo lana dauka, baina kontraturik gabe. Emakumeen gehiengoak, %85,8, bere osasuna ona dela uste du eta autonomoak dira. Gainerakoek autonomia partziala edo erabatekoa daukate. Mendekotasun maila handiago da zenbat eta zaharragoa izan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun