Espainiako Auzitegi Nazionalak urtarril bukaeran finkatu zuen 33/01 auziaren gaineko epaiketari hasiera emateko eguna. Apirilaren 21ean abiatuko da ahozko saioa, epaimahaiak auto bidez jakinarazi duenez. Epaiketaren amaiera eguna, berriz, uztailaren 23rako jarri dute. Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB), Senideak edo Askatasuna erakundeetan lan egin izanagatik, ETAko kide izatea leporatuta epaituko dituzte 27 euskal herritar. Horietatik bi, gainera, Uribe Kosta eskualdekoak: Jagoba Terrones berangoztarra eta Mitxel Sarasketa getxoztarra. Hamarna urteko espetxe zigorra eskatzen diete auziperatuei. Hala ere, atzoko agerraldian guztien bozeramaile izan ziren Begoña Sagartzazuk eta Juan Antonio Madariagak nabarmendu zutenez, auzi honetan ez dituzte auzipetutako lagunak soilik epaitu nahi; "Estatu espainolak Euskal Herrian herriz herri antolatuta dagoen Amnistiaren Aldeko Mugimendua epaitu nahi du".
Euren ustez, "herri honi errepresioa mugarik gabe ezartzea" da, AAM paretik kenduz, Espainiako Gobernuak bilatzen duen helburu nagusia. "Herri honetan, errepresioaren kontrako mugimendua errepresioa bezain zaharra da, eta azken 30 urteotan Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bete du paper hori. Espetxe politika hiltzaileen aurrean amnistia aldarrikatzen dugu; torturaren aurkako borroka pizten dugu; gerra zikinari, legez kanporatzeei, poliziaren basakeriei `aski da!' esaten diegu", Sagartzazuk eta Madariagak nabarmendu zutenez.
Sei urte eta erdi
Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak abiatu zuen amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako 33/01 auzia, 2001eko urriaren 31n. Amnistiaren Aldeko Batzordeen 13 lagun atxilotu zituen gau hartan Espainiako Poliziak, Garzon epailearen aginduz. AABetako bozeramaileak eta koordinatzaileak ziren atxilotuak eta, hala izanik, "ETA-KAS-Ekin egituraren barruan" jardutea egotzi zien Garzonek. Argudio bera erabilita, beste 15 lagun auzipetu zituen Garzonek urte bereko azaroaren 15ean. Hilabete beranduago, abenduaren 19an, AABk legez kanporatu, eta bere jarduerak eteteko agindu zuen. Askatasuna AABren "jarraipena" zela argudiatuta, horren jarduna ere eten zuen Garzonek 2002ko otsailean. Auzia abiatu zenetik sei urte eta erdi igaro ondoren, 27 lagun eramango ditu akusatuen aulkira Espainiako Auzitegi Nazionalak.