Goizean egindako aurkezpenean, Imanol Landa alkateak herritarrak animatu ditu Getxoko Emakumeen II. Futbol Txapelketara bil daitezen, "maila handiko txapelketa delako". Horretaz ere berba egin du Jose Mari Bravo Bizkerre taldeko buruak, eta aurreratu duenez, datorren urteari begira lehiaketaren egunak aldatzea aztertzen ari dira, "ahal izatekotan, taldeen maila are handiagoa eta ikusle gehiago joatea lortu aldera".
Azkorri Txapelketa
Aurten ere, Galea kirol klubak kadete eta gazte mailako txapelketa bana antolatu du, Aste Santuko oporraldirako. XVI. Azkorri Txapelketa "oinarrizko futbolaren aldeko apustuaren froga garbia" da, taldeko arduradunen hitzetan. "Bere arrakasta agerian geratu da aurreko txapelketetan futbol talde garrantzitsuak parte hartzeaz gain, bertara ikusle kopuru handia hurbildu delako", gaineratu dutenez. Aurtengo XVI. Azkorri Txapelketan honako talde hauek izango dira: Athletic, Getxo, Leioa eta Galea, kadete mailan; eta Getxo, Leioa, Romo eta Galea, gazteetan.
Horrenbestez, asteazken honetan, martxoak 19, Athleticek eta Leioak jokatuko dute kadete mailako partida, 10:15ean. Ondoren, 12:00etan, Getxok eta Galeak izango dute gazteen arteko norgehiagoka. Biharramunean, eta ordutegi berberarekin jarraituz, Galea Getxoren aurka eta Leioa Romoren kontra lehiatuko dira, hurrenez hurren. Hirugarren eta laugarren postuetarako partidak, berriz, ostiralean izango dira. Eta azkenik, finalak, hilaren 24ean.