Datu horiek guztiak ezagutzera emateko Ingurumen Sailak informazio eta kontzientziazio kanpaina jarriko du martxan, liburuxka bat etxez etxe banatuz. "Datuak helarazteaz gain, birziklatzeak ingurumenari dakarkion mesedearen eta hondakinak batzean sortzen diren arazoen berri emango dugu", azaldu du Keltse Eiguren Ingurumen zinegotziak, ”ingurumena babestea denon lana baita”. Horretarako eta onartu berri den Inguruneko Ekintza Planaren arabera, Udalak hondakin mota guztiak uzteko edukiontziak ipintzen segituko du.
410 bat kilo biztanleko
Bataz beste, getxoztar bakoitzak 410 bat kilogramo hondakin birziklatu zuen 2007an, udal iturriek emandako datuen arabera. "Horrek hainbat onura ekarri zizkion ingurumenari: milaka zuhaitzen mozketa ekiditea eta energia, petrolio, merkurio eta beste lehengai batzuk aurreztea", Eigurenek zehaztu duenez. Besteak beste, 2007an 3.294.691 kilogramo paper birziklatu ziren Getxo udalerrian, horrek %8,7ko hazkundea ekarriz. Horretaz gain, 1.493.719 kilo beira (%10,49ko hazkundea), 920.634 kilo ontzi (%17,67ko hazkundea), 7.920 kilo pila (%28,57ko hazkundea) eta 2.400 kilo fluoreszente (%51,90eko hazkundea). Ehunen bilketan, baina, beherakada (%5,72) gertatu zen, "edukiontzitatik arropa lapurtu dutelako, behin baino gehiagotan", udal iturrien hitzetan. Hala ere, gai horretako 225.633 kilogramo batu ziren.