Emakumeei "zalantzak argitzen" laguntzeko ikastaroak antolatu dituzte Uribe Kostan

Uribe Kostako Mankomunitateko Drogamenpekotasunari Aurrea Hartzeko eta Berdintasun zerbitzuek "Feminitatearen labirintoa" deritzon lau ordutako ikastaroak antolatu dituzte, martxoa eta apirilerako. Besteak beste, bi saiotan banatuta egongo dira horiek eta, toki bakarrean egin beharrean, Lemoiz eta Barrika kenduta, mankomunitateko udalerri guztietan egongo da horietan parte hartzeko aukera. Ekimenaren bitartez, "azken hamarkadetan emakumeen rolean gertatutako aldaketek dakartzaten kontraesan, zalantza eta erronka berriak taldean argitu" nahi dituzte, "aukerak bilatzeko bideak eskaintzeaz gain, leku berriak bilatzen dituzten emakume eta gizonen etorkizuna eraikitzea erraztuz; horrela eginez osasun eta asebetetze‑maila altuagoak lortuko dira", tokiko iturriek adierazi dutenez. Besteak beste, familia eta lana, jabekuntza eta sexualitatea edukiko dituzte hizpide. Parte hartu nahi duten emakumeek 946 762 674 telefono zenbakira deitzea besterik ez dute edo ondoko e-poste helbideetako batera idatzi: preven[abildua]uribekosta.org edo berdintasuna[abildua]uribekosta.org

Gauzak horrela, martxoaren 31n eta apirilaren 7an, Sopelako kultur etxeko hirugarren solairuan emango dute ikastaroa, 18:00etatik 20:00etara. Apirilaren 4an eta 11n, berriz, Plentziako Goñi Portal kultur etxean egingo dute, 10:00etatik 12:00etara. Hilaren 9an eta 16an, Gorlizko kultur aretoan, 18:00etatik 20:00etara. Berangoetako kultur etxeak apirilaren 18an eta 25ean hartuko du ekimena, 10:00etatik 12:00etara. Eta azkenik, Urdulizen, 22an eta 29an egingo dute, 18:00etatik 20:00etara, bertoko kultur etxean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun