Bizkaiko campusa bultzatzeko akordioan ere Bilboko Termibus inguruko parke teknologikoarentzat beste 18 milioi euro bideratuko ditu Aldundiak, hasierako 28 milioiko inbertsioa handitu eta 46 milioiko aurrekontua osatzeko. Lanak hasteko Bilboko Udalak eman beharreko baimenen zain daude unibertsitatea eta Foru Aldundia.
Azkenik, Aldundiak 595.000 euroko dirulaguntza eman dio unibertsitateari azken bi urteotan bezala 2008an "enpresa berrizale berriak sortzeari bideratutako" lanagatik. Guztira, 25 proiektu zientifiko-teknologiko lagundu dira 2006an eta 2007an Euskal Herriko Unibertsitatean. Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailaren foru funtsa hauekin finantzatuko diren gastuak ondoko hauetarako izango dira: pertsonal ikertzailea; ekipamendu zientifikoa; material suntsigarria eta bidaiak; azpikontratazioak eta bestelako gastu batzuk, berbarako patenteen erregistroa, emaitzen zabalkuntza eta abar.