Leioako Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, dagoeneko prest dituzte igande honetan, martxoak 23, Aberri Eguna ospatzeko ekitaldiak. Horrenbestez, 9:30ean, Boulevardetik udaletxera arte joango den txistularien kalejirarekin emango diete hasiera ospakizunei. Udaletxeko plazara heltzerakoan, 10:30ak inguruan, txalapartariek agurra egingo diete udal ordezkariei eta, horren ostean, ohikoa den ikurriñaren igoera eta ohorezko aurreskuaren txanda izango dira. Goiz erdialdean, 11:00etan, meza hasiko da San Juan Bautista elizan. Hori amaitzerakoan, 11:45ak aldera, udaletxeko plazan bertan, txistulariek eta txalapartariek giroa berotuko dute soinu alaiekin, eta, ondoren, trikitilariek lekukoa hartuko diete, kalejirari hasiera emangez. Eguna amaitzeko herri kirolen erakustaldia izango da Boulevardean Leioako Eskolako harri jasotzaileen eskutik. Argazkian, Leioako udaletxea.