"Pertsona guztiek udalerrian erroldatzeko duten eskubidea eta betebeharraz" ohartarazteko asmoz, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren menpe dagoen Inmigrazio Zuzendaritzak abiatutako kanpainarekin bat egin du Getxoko Udalak. "Errolda ezinbesteko tresna da tokian tokiko herri politikak gauzatu eta udalen artean baliabideak banatzeko. Izan ere, udal erroldan udalerrian bizi diren lagun guztiek izena emanda egon behar dute, bertokoak zein atzerritarrak izan, edo Estatuan beren egoera administratiboa erregularizatuta eduki edo ez eduki", tokiko iturriek adierazi dutenez. Finean, etorkinak eskubide eta betebehar berdintsuak dituzten auzotarrak direla nabarmendu nahi dute. Hau da, esaterako, gizarte laguntzak jasotzeko eskubide osoa duten bezala, zergak ordaindu behar dituztela, alegia. Argazkian, hainbat etorkin Algortako metroko kartel parean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!