Asteburu honetan, atxilotu zutenetik lehendabiziko aldiz ikusi ahal izango dute bere alaba Saioa Santxez preso berangoztarraren aita-amek. "Lebert epaileak ez dio orain arte baimenik eman, beraren kontrako akusazioak oso larriak zirela eta presio handiak zituela esanez. Saioak zein gurasoek epaileri gutunak bidali dizkiote euren eskubidea zela eta bisita baimenak eskatzeko. Ez dakigu zerikusirik izan duen baina hauteskundeak pasatu eta, azkenean, baimena eman diete gurasoei eta nebari Saioa ikusteko", azaldu du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak,
Etengabe bitakoraren bitartez. Berangoztarra
abenduren 5ean atxilotu zuten Chateauneuf de Randon herrian (Lozere, Frantzia), Asier Bengoa gasteiztarrarekin batera, abenduaren 1ean Capbreton-en
bi guardia zibil "erail" izana, "helburu terroristak duen gaizkile elkarte" baten kideak izatea, "bahiketa", "armak erabiliz egindako lapurreta" eta "lapurreta saiakera", "armak hartu, garraiatu eta edukitzea" eta "agiri faltsuak erabiltzea" leporatuta. Bakartuta eduki zuten Paris inguruko Fleury Merogis espetxean eta, urtarrilean, Versallesera eraman zuten. Bertan, Maite Juarros bilbotarrarekin batera dago. Versailleseko espetxea Paris mendebaldean dago, Berangotik 922 kilometrotara. Argazkian, abenduaren 6an Berangon egindako manifestazioa.