Julio Araluze bekara norbanakoak zein hartarako eraturiko lantaldeak aurkeztu ahal izango dira. Bigarrenen kasuan, proiektuaren arduradun-zuzendari batek ordezkatuko du lantaldea. Hautagaiei dagokionez, euskaldunek edo Euskal Herriko lurralde guztietan egoitza kreditatua izan eta eskuarki euskal kulturaren alor horietan lanean ari diren pertsonek aurkeztuko dituzten lanek izango dute lehentasuna. Lehen aipatu bezala, aurkeztu nahi direnek GITEra igorri beharko dute dokumentazio guztia, apirilaren 1a baino lehen.
Iraupena eta dirusaria
Bekak urte beteko iraupena izango du, lan amaitua bekaren onarpenetik bederatzi hilabeteko epean entregatu beharko dela. Dirusaria, berriz, 3.000 eurokoa izango da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari (PFEZ) dagokion kopurua kenduta. Diru hori bi zatitan emango zaie ikertzaileei: lehena lanaren hasieran eta azkena, lana amaiturik, argitaratzeko euskarri egokian entregatu ondoren.