Bihartik, ostirala, aurrera egoera meteorologikoak okerrera egingo duela ohartarazi du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak. Zerbitzu meteorologikoen arabera, bihar eguerdian zaparrada ahul-biziak izango dira, bereziki Kantauriko isurialdean, eta elur kota 1.000 metroren gainetik egongo da. Ipar-mendebaldeko haizea bizia izango da, zenbait gunetan bolada gogor eta oso gogorrekin, 80 eta 90 bitarteko kilometro orduko abiadura hartu ahal izango duena. Olatuen altuerak gora egingo du eta, arratsaldean, 3,5 metro inguruko altuera hartuko ei dute. Egunaren amaieran, 4,5 metroko altuera izango omen dute eta ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 3 metroko olatuak altxatuko dituela ziurtatu dute. Larunbaterako, berriz, zaparrada ahul-biziak espero dira, bereziki Kantauriko isurialdearen barruko aldean, eta ekaitzak eta txingorra sortu litezke, batez ere aipatutako isurialdean. Argazkian, pasa den asteko denboraleak apurtu zuen Algortako Portu Zaharreko murrua.