Igandean balkoietan ikurrina jartzeko deia egin du Bai Euskal Herriari taldeak

Igande honetan, hilak 23, Aberri Eguna, ikurrinak etxez etxe jartzeko deia egin zuen atzo Bai Euskal Herriari ekimenak. Taldeak prentsa agerraldia burutu zuen Lizartzan, eta bertako herritarrek bizi duten egoera "inbasio" eta "okupazio" hitzekin deskribatu zuten. Lizartzako egoera "ez-demokratikoa" salatzeaz gain, Euskal Herriak sufritzen duen gatazka politikoaren adibiderik onena ere badela adierazi zuten. Horrekin batera, Bilboko udaletxean bandera espainiarra jarriko dutela salatu dute. Azkenik, Aberri Egunean "alderdi politikoetako deialdiez haratago", Nazio Eztabaidaguneak "Nazioa gara, zazpiak bat burujabetzaren alde" lelopean bultzaturiko Irun eta Hendaiaren arteko martxa herritarrarekin bat egiteko eta Euskal Herri osoan ikurrinak eta euskal ikurrak etxez etxe zintzilikatzeko deia luzatu zuten.

Bai Euskal Herriari erakundearen oharra:

Bai Euskal Herriari herri ekimeneko ordezkariok Lizartzatik eta lizartzarren alboan agertu nahi izan dugu gaurkoan.

Azken urteetan Lizartzako herria eta bertako herritarrak sufritzen ari direnak ez du izenik; inbasioa edo okupazioa bezalako hitzek bakarrik gertura gaitzake herri txiki honek bizi duenera. XXI. mendean Lizartzan ez dago demokraziarentzako lekurik, ez dago herriaren nahi eta borondatearentzako lekurik, zenbaitzuk jada ez dute itxurarik ere gordetzen. Tristea bada ere jada, Euskal Herrian ez da inor harritzen Lizartzan gerta daitekeenaz.

Lizartza Espainiar aurrelari-taldearen ikur bihurtu nahi izan dutenen aurrean, guk Euskal Herria maite dugunok, Lizartzarren jarrera euskal izatearen eredu gisa aurkeztu nahi dizuegu. Euskal Herriak sufritzen duen gatazka politikoaren adibide gisa agertu nahi dugu Lizartza.

Hemen gure atzean ikus dezakezue Lizartzako herriaren udala. Gaur egun ez dago lizartzarren nahi eta borondatearen zerbitzura eta horren erakusgarri da bertan zintzilik ikus dezakezuen Espainiar ikurra. Euskal Herria Espainiaren mende dagoela esan nahi digu ikur horrek.

Lizartza

Lizartzako udaletxe aurrean egin dute agerraldia
Tamalez, Lizartza ez da kasu bakarra. Euskal Herri osoan zehar adibide asko aurkitu baikenitzake. Bi estaturen pean kokatzen duten euskal nazioa, 4 administrazioetan dute zatitua gaur egun. Gure izate eta nortasuna ezabatzea helburu izanik, oso modu eta forma ezberdinetan tratatzen gaituzte administrazio bakoitzaren baitan. Adibidez:

* Lapurdi Behe Nafarroa eta Zuberoan; ikurrina mamiz hustu eta folklorearen baitan ito nahi duten ikur gisa darabilte, betiere izaera ofizialeko kokaguneetatik urrun.
* Nafarroa Garaian; ikurrina legez debekaturiko ikurra da. Beraz ez dago euskal ikur hau eraikin publikoetan agertzerik. Gainera eraikin publiko askotan espainiar ikurra jartzera behartu dituzte lurralde hori kudeatzen duten administrazioetatik.
* Araba Bizkaia eta Gipuzkoan berriz, ikurrina, espainiar Estatuaren mendeko ikurra dela agertu nahian, legez behartu nahi gaituzte instituzio publiko guztietan ikurrinaren alboan Espainiar bandera jartzera. Eta horren adibide argiena ikusi ahal izango dugu laster Bilbon.

Espainiar ikurra jarri nahi dute apirilaren 7an Bilboko udaletxean

Apirilaren 7tik aurrera, Tribunal Superior de Justicia del Pais Vasco delakoak, Bilboko udaletxean Espainiar ikurra iraunkorki jartzeko agindu du. Bilboko Udaleko alkate jauna den Azkunak, erabaki hori bete egingo duela jakinarazi du.

Nola liteke? PP edo PSOE bezalako espainiar alderdiek beraien ikurra inposatu nahi izatea ulergarri izan liteke. Baina nola liteke, bere burua abertzaletzat duen alderdi batek, berak ordezkatzen dituen herritarrei muzin egin eta Espainiarren agindutara jartzea?

Bihar epaitegi batek, Euskara debekatuko balu EAJk ETB itxi egingo al luke? Mutu geratuko al litzateke Ibarretxe jauna?

Azkuna jaunak harturiko erabakiak, haserrea eta samina eragitea besterik ez du lortuko, Euskal Herriak bizi duen gatazkan sakontzeko besterik ez du balioko.

Ibarretxe jaunari, arduraz jokatuko duela behin baino gehiagotan entzun diogu, herriari hitza emango diola entzun diogu, baina tamalez, Lizartzan gertatzen dena eta Bilbon gertatuko denak arduragabekeria latzak iruditzen zaizkigu.

Euskal nortasuna eta izatea hankapean makurrarazi nahi dutenen aurrean zutitzeko deia luzatzen dizuegu Lizartzatik. Euskal Herrian indarrean diren instituzioak gidatzen dituzuenoi, Euskal Herriaren aurkako espainiar aginduak ez betetzeko deia luzatzen dizuegu. Euskal herritarren borondatea eta erabakiak defendatzeko deia luzatzen dizuegu.

Bide horretan, Bai Euskal Herriari ekimena osatzen dugun gizon eta emakumeok ez gaude beste aldera begira geratzeko prest. Jada harremanetan jarri gara 30 eragile sozial baino gehiagorekin eta opor egun hauen ostean sindikatu ezberdinekin biltzeko asmoa dugu. Harreman guzti horien emaitza apirilaren 1ean plazaratuko dugu.

Inposaketa honen aurrean herri gisa erantzutea ezinbestekoa dela uste dugu. Horregatik, antolatuko diren erantzun egitasmo guzti hauek sustatzeko asmoa agertu nahi dugu gaurkoan, inposaketa honi erantzuna emango dioten benetako protagonistak herritarrak direla uste baitugu.

Inposaketa honi erantzutea ez dagokie Bilbotarrei bakarrik, ez eta Lizartzarrei. Euskal herritar orori eta Euskal Herri osoan dagokigu euskal nortasun ikurren defentsa burutzea. Gaurtik aurrera bide horretan pausu berriak emateko asmoa agertu nahi dugu.

2008ko martxoaren 23an, Aberri Eguna

Nazio bat gara, Euskal Herria, eta geurea ikurrina da, aurtengo Aberri Egunean inoiz baino garrantzitsuago bihurtzen da geure ikurrina etxez etxe zintzilikatzea. Beraz dei egin nahi diegu euskal herritar guztiei martxoaren 23an Euskal Herriko leiho guztiak ikurrinez eta euskal ikurrez betetzera.

Esan bezala martxoaren 23an, Aberri Eguna ospatuko dugu. Aurten ere, alderdi politikoetako deialdiez haratago, Nazio Eztabaidagunaren baitan bilduriko hainbat herritarrek, martxa herritarra antolatu dute Irundik Hendaiara. Bai Euskal Herriari herri ekimena osatzen dugun gizon eta emakumeok dei egiten diogu euskal jendarteari "Nazioa gara, zazpiak bat burujabetzaren alde" antolaturiko martxan parte hartu dezan.

Bai Euskal Herriari
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun