Euskal Herriko Bilgune Feministaren oharra:
Euskal Herriko Bilgune Feministak emakumeei deialdia luzatu nahi die "Zazpiak bat" lemapean herritar talde batek konbokatu duen Aberri Egunera
Euskal Herriko Bilgune Feministak ere euskal herritar guztiekin batera ospatu nahi du 2008ko Aberri Eguna eta emakume guztiei deialdia luzatu nahi diegu bertan parte har dezaten. Ideologi ezberdinetako herritarrek biltzen dituen aberri eguna konbokatu izana ere era oso positiboan baloratzen dugu.
Horretaz gain, Bilgune Feministak egun honen inguruan egiten dugun irakurketa luzatu nahi dizue.
Euskal emakumeon egoera larria da. XXI. mendean oraindik diskriminazioak badirau. Parekidetasuna oraindik lortzeke dago lan eremuan, gure bizitzako eremu pribatuan; irakaskuntza, kultura eta komunikabideak gure zapalkuntza bermatzen duten zutabeak dira, gure herriaren eraldaketarako elementu izan beharrean. Euskal Herria zatiturik mantentzen duten instituzioek ere, ez dute emakumeon egoerari erantzun errealak emateko borondaterik eta gaitasunik agertzen.
Euskal emakumeon egoerari buelta emateko bidean, patriarkatuari aurre egiteko alternatiba feministak ikusarazteko eskubidea, egungo jendartea errotik aldatzea ahalbidetuko duten harreman sozialak aldarazteko eskubidea, diskriminazio eta indarkeria oro desagerrarazteko eskubidea eta beste oinarrizko eskubide batzuk bermatzea beharrezkoa da.
Eragile politiko abertzale guztiek bide honetan urrats kualitatibo, sendo eta komunak emateko konpromisoa hartu behar dute. Bizi dugun momentu historiko honetan inoiz baino beharrezkoa da nazio bezala indarrak metatu eta aurrerapausoak ematea, harreman hierarkikoak gainditu eta denontzako Euskal Herri berri bat izan dezagun.
Euskal Herria, euskal emakume eta gizonen herria da; egun, eta etorkizunari begira, erronka handiak dituen herria. Mendeetan bizirik mantendu dena, bizirik mantentzeko eta euskaldunoi bizi-baldintza duinak bermatzeko, bere burua nazio eraikuntza prozesu batean aurrera begira kokatu duena. Mugimendu feminista ere bide honetan kokatu behar da. Behar-beharrezkoa da emakumeon eskubideen aldeko borroka nazio eraikuntzaren baitan txertatzea eta Euskal Herri berria marrazteko garaian ere hauek aintzat hartzea. Ezinbestekoa, halaber, sektore aurrerakoiekin egoera aldatzen lagunduko duten aliantzak sortzea. Horretarako, beharrezkoa da datorren igandean Irun-Fikobatik abiatuko den martxan parte aktiboa hartzea. Beraz, euskal emakumeei bertaratzeko deialdia luzatu nahi diegu.
Euskal Herriko Bilgune Feminista