Lurraldetasunean bakarrik oinarritu barik, norbanakotik hasi eta esparru sozialera zabaldu beharreko aldaketatzat jotzen dute independentzia Gazte Topaguneko antolatzaileek. "Euskaraz bizitzea, jendarte parekide baten bidean borrokatzea, Abiadura Handiz txikituko gaituen Trena gelditzea, Bologna prozesuarekin enpresarien mesedera eraiki nahi duten hezkuntzari aurre egitea; musikan, komunikazioan, hezkuntzan... gure proiektu propioak sortzea;... eta maite ditugunei maite zaituztegu esatea independentzia dira" adierazi dutenez. Guzti horren isla izango dira astelehenera bitartean egongo diren ekitaldiak.
Horien artean, Topaketa Internazionalistak egingo dituzte. "Helburua nazioartean gazte mugimenduek eta eragileek bizi duten egoera Euskal Herriratzea da batetik, eta eragile hauei gaur egun Euskal Herriko gazte mugimenduak bizi duen egoera aurkeztea bestetik", azaldu dute. Bost gairi buruzko eztabaidak egingo dituzte bertan: Europako eraikuntza eta herriak, antiglobalizazio mugimenduak, lege antiterroristak eta gizarte mugimenduak, herri proiektuak eta makro proiektuak, eta Internazionalismoa. Hegoafrika, Venezuela, Irlanda edota Palestinatik etorriko dira ordezkariak, besteak beste.
Topagunea zenbakitan
Aurreko edizioetan bezala, aurten ere funtsezkoa izaten ari da ehunaka eta ehunaka lagunen musutrukeko lana. Gazte Topagunea luzatuko den lau egunak kontutan hartuta bakarrik, 3.000 gazte inguru izango dira txanda ezberdinak beteko dituztenak. Hala ere, aurretik, ez dira gutxi izan, 2.400 metro koadroko karpa erraldoia muntatzen, 24.500 metro koadroko kanpatzeko gunea atondu edota 4.000 metrotan zehar heziak jartzen ibili direnak. Ekitaldiei dagokienez, 25 tailer eta 35 hitzaldi baino gehiago eta punta-puntako 30 bat kontzertu izango dira. Horretaz gain, zortzi txosna eta, horietatik hurbil, 62 komun jarriko dituzte, aurreko edizio jendetsuenetan 20.000 lagun baino gehiago izan direla kontutan hartuta.