Igande honetan, martxoaren 23an, Irun eta Hendaia artean egingo den Aberri Egunean parte hartzeko deia egin du Aralarrek. Alderdi independentistak egindako balorazioaren arabera, "joan den urtean bezala, Aberri Egun bateratua izango da, eta beste behin, Iparraldeko eta Hegoaldeko abertzaleen festa eta aldarrikapen eguna izango da". Jon Abril Aralarreko kooordinatzaileordeak (argazkian) adierazi duenez, oraindik ere derrigorrezkoa da Aberri Egunak antolatzea eta ospatzea. “Oraindik ere herri hau herria dela ukatzen dutenak daude, eta hori gertatzen den bitartean, gure naziotasuna aldarrikatu behar dugu”, azaldu du Abrilek. Bigarren urtez jarraian, Nazio Eztabaidaguneak deitu du Aberri Eguna ‘Nazioa gara. Zazpiak bat. Burujabetzaren alde’ lelopean. Irunen abiatuko dira ekitaldiak, goizeko 11:30ean, Hendaiako Gaztelu Zahar pilotalekuraino joango den martxarekin. Pilotalekuan izango da Aberri Eguneko ekitaldi politiko nagusia, eta beste alderdiren artean, Aralar ere bertan izango da. Horren ondotik, kale-animazioa eta txosnak izango dira, besteak beste.