Plentziako Araldi emakumeen kultur elkarteak Kontakizun Laburren XI. Lehiaketa antolatu du, "literaturarekiko interesa duten guztiei bere ideiak, ametsak, bizipenak... kontakizun baten bidez islatzeko aukera emanez". Horrenbestez, 16 urtetik gorako lagunek izango dute euskaraz edo erdaraz idatzitako lana aurkezteko aukera, horretarako epe muga apirilaren 7a jarri dutela. Gehienez, alde bakarretik idatzitako 10 foliodun kontakizunak Araldik Plentziako Kristo plazan daukan egoitzan entregatu beharko dira. Behin epaimahaiak erabakia hartu ostean, maiatzaren 4ean egingo dute sari banaketa, 19:00etan, Goñi Portal kultur etxean. Lehenengo hirurek 375, 250 eta 190 euro irabaziko dituzte, hurrenez hurren. Aurkezpen moduari dagokionez, idatzi originala eta sinadurarik gabeko kopia bat entregatu beharko dira. Horrenbestez, lehendabiziko orrialdean idetifikatzeko balio izango duen lelo edota izenburua agertu beharko da. Aparteko gutunazal itxi batean, izenburu edo lelo berarekin, bere barnean, idazlearen izena, abizenak, helbidea eta telefonoa aurkeztu beharko dira, NANaren kopia batekin batera. Informazio gehiagorako 946 775 031 telefono zenbakia jarri dute eskura.