Bi lagun arin zauritu ditu Calahorrako Guardia Zibilaren kuarteletik gertu lehertutako bonba-autoak

Hedabideek zabaldu dutenez, ETAko kidea zela zioen pertsona baten deia jaso du 13:28an Bizkaiko DYAk, 14:00etan Calahorrako (Errioxa, Espainia) Guardia Zibilaren kuarteletik gertu bonba-auto batek eztanda egingo zuela esanez, eta kotxearen ezaugarriak jakinarazi ditu: marka eta kolorea (Honda Civic urdina). Hala, Guardia Zibilak eta Calahorrako udaltzainek ingurua hustuarazi egin dute, eta bonba-autoaren ondoan ez zegoen inor honek eztanda egin duenean. Ustezko etakideak esan bezala, deitu eta ordu erdi beranduago izan da leherketa, kuarteletik ehun bat metrora, haren atzealdean. Eztandaren unean salto egitean guardia zibil batek lepoan kolpe arin bat jaso du, eta adin gabeko beste lagun batek ere zauri arina izan du. Ez da zauritu larririk izan. Kalte materialak, baina, handiak izan direla jakinarazi dute; batik bat, kuartel ondoko etxebizitzetan. Bestalde, ustez ETArenak diren lehergaiak aurkitu zituen atzo Ciudad Realen (Espainia) Guardia Zibilak. Argazkian, martxoaren 7an gertatutako Isaias Carrasco Arrasateko PSE-EEren zinegotzi ohiaren hilketa arbuiatzeko kontzentrazioa Erandioko udaletxe aurrean.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun