Ostiraleko goiza hotza eta haizetsua izan dugun arren, arratsaldean zerua guztiz estali eta euria ari du gogotsu. Asteburura begira, berriz, are giro grisagoa iragarri du Eusko Jaurlaritzako zerbitzu meteorologikoak. Giroak nabarmen egingo du txarrera; hotz handiagoa eta euri gehiago egingo du. Larunbatean zaparradak, ekaitzak eta txingorra izango dira, kostaldean bereziki. Elur-kota 1.000 metro inguruan egongo da goizaldean, baina jaisten joango da eta 500 metrotan izango da arratsaldean eta 300 metrotan gauean. Tenperatura maximoak moderatuki jaitsiko dira eta mendi inguruetan izozte ahulak izango dira. Haizeak gogor joko du larunbatean ere, 70-80 kilometro orduko abiadura hartuz eta 4 metro inguruko olatuak izango dira. Horregatik, Herrizaingo Sailak mendira zein itsasora ez joateko eta balkoietan ditugun gauzak kentzeko gomendatu du. Argazkian, pasa den asteko denboraleak apurtu zuen Algortako Portu Zaharreko murrua.