Nazareth-eko Jesus ez zuten hil ezta berpiztu ere pasa den ostiralean, Berangon urtero antolatzen duten Pasio Bizian. Euri zaparrada handiek eta haize bortitzak ezinezkoa egin zuten antolatzaileek elementuen aurka abiatutako 28. edizioa buka zedin. Hasieran, Arte Eszenikoen Lagunak kultur elkarteko 250 aktore eta teknikoek ordu laurdeneko atzerapenarekin ekin zioten antzezlanari, euriak eta arazo teknikoak zirela medio. Azkenean aurrera jo zuten eta aurten bertan egoterik ezin izan ez duen Fernando Ansoleaga zuzendariari dedikatu zioten pasioa. Gainera, ordu erdi pasatu ondoren eguraldia lasaitu zen eta hiru orduz Jesusen azken egunen istorioa kontatu zieten udaletxe aurrean euritakoen azpian batutako 250 bat laguni. Gauerdirako 15 bat minutu falta zirela, baina, denboraleak berriro ekin zion, era bortitzean gainera, eta Pilatosek Jesus Herodesengana bidali ostean amaitutzat eman zuten aurtengo Pasioa, ordu bat gelditzen zela. Argazkian, Jesus azken afarian.