“Israeli boikota” ekimenaren sustatzaileek adierazi dutenez, "hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da". "Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea daukala erakusteko garaia da eta Palestinaren aurka Israel egiten ari den genozidioaren konplize ez duela nahi izan erakusteko garaia da. Bide bakarra zapalketa sionistak beste iraungo duen boikot kanpaina honetan gogotsu parte hartzea da", gaineratu dutenez.
Gaurko prentsaurrekoan zabaldutako oharra:
Israelek estatu bat sortzeko hasitako okupazio militarrak 60 urte beteko ditu aurten. Okupazio militarra hasi zenetik palestinarrak era guztietako bortizkeriak jasan behar izan dituzte eta beraien lurraldearen kolonizazioa gero eta dimentsio handiagoa jasan behar izan du. Adibide lotsagarrienetako bat Israelek eraikitako harresi ilegala dugu, non kartzela handi batean uzten ditu palestinar herritarrak. Palestinaren isolamendua bilatzen ari dira, herri palestinarren isolamendua bultzatuz eta estatu palestinarra sortzea eragotziz.
Euskal Herriko enpresa, erakunde, eta abarrek Palestinaren zapalketaren konplizeak dira Israelekin akordioak eta negozioak dituzten heinean. Euskal Herria zapaldua ez ezik, zapaltzailea ere bada. Euskal gazteok etxe barruan ditugun zapaltzaileei aurre egitea beharrezkoa dugu.
Palestinako herriak erresistentzian darrai, munduko potentzia militar baten aurka zaila da harriez aurre egitea baina. Palestinarrak, ordea, fronte guztietan erresistentzian darraite eta fronte horietako bat, fronte internazionalista da. Honen garrantzia ezinbestekoa da, Palestinak nazioarteko laguntza behar baitu inperialismo sionistari aurre egiteko eta, era berean, inperialismo sionista deslegitimatzeko. Horregatik nazioarteko “Israeli boikot” kanpainarekin bat egiten dugu hemen bildutako gazte mugimenduek eta Euskal Herrian “Israeli boikot” euskal ekimenak eramaten duen dinamikari atxikitzen gara beraien aldarrikapena gurea eginez. Horrekin batera Nakba-ren urteurrenean (maiatzak 14) egingo diren ekimen orotan parte hartzeko gonbitea zabaltzen dugu.
Aldarrikapena
Boikota Euskal Herrian adierazpen israeldar-sionista guztiei.
Ideologia sionistan oinarrituta dagoen Palestina herriko zapalketa kolonialak eta sarraskiak jarraitu bitartean;
Sionistek eta euren erakundeek Nakban (1948ko inbasioa) eduki zuten erantzukizuna, errefuxiatuen afera sortu zuen garbiketa etnikoa eta lurrak kentzeko prozesuetan daukaten erantzukizuna ukatu bitartean;
Gazako eta Zisjordaniako kolonizazio eta okupazio militarreko (Jerusalem Ekialdea barne) krimenak (nazioarteko legeriaren eta NBEren erabakien aurkakoak) ukatu bitartean;
Harresia eta palestinarren aurkako diskriminazio eta segregazio sistema oso bat mantendu bitartean;
Euren espetxeetan 10.000 preso politiko mantendu bitartean, eta nazioarteko interbentzio guztiek porrot egin dutela ikusita...
Euskal internazionalistok geure egiten dugu “Israeli boikota” euskal ekimenaren bidez Palestinako 170 erakunde sozial, polítiko eta sindikalek baino gehiagok deitutako adierazpen israeldar-sionista guztiei boikot solidarioa egiteko deiarekin.
Hori dela eta, dei egiten diegu, dei egiten dizuegu, euskal gizarteari, erakunde publiko, pribatu, akademiko, kulturalei, finantza eta enpresa entitateei, kirol taldeei, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte erakundeei, eta Euskal Herriko herritar guztiei erakunde israeldar-sionista guztiei esparru guztietan boikota egiteko, boikota baita euren konplizeei ere.
Boikot horrek hurrengoan oinarritu behar du:
- Israeletik gure lurraldera etorritako edozein talde, erakunde, enpresa, kirol talde edo kultura elkarteren presentziaren gaitzespen publikoa; haien presentzia “non grata” izango da Euskal Herrian.
- Estatu israeldar-sionistarekin harremanak dauzkaten Euskal Herriko edo bertan finkatuta dauden pertsona, entitate, enpresa edota elkarteen salaketa aktiboa, harreman horiek bertan behera utzi arte.
- Israeldar jatorria daukaten edo Israelek ekoitzitako zein lagundutako kontsumo, kultura, entretenimendu edo bestelako produktuak baztertu.
- Estatu israeldar-sionistak Euskal Herrian daukan presentziari buruzko informazioa bildu eta sozializatu, edozein motatakoa dela ere; denok hartu behar dugu parte Israelek gure herrian daukan presentzia salatzeko, eta presentzia horri etekina ateratzen diotenak salatzeko ere bai.
Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. Euskal Herriak erabakitzeko eskubidea daukala erakusteko garaia da eta Palestinaren aurka Israel egiten ari den genozidioaren konplize ez duela nahi izan erakusteko garaia da. Bide bakarra zapalketa sionistak beste iraungo duen boikot kanpaina honetan gogotsu parte hartzea da.