Eguerdian 800 lagunentzako paella jana egin eta, hori bukatutakoan, independentziaren aldeko topa egin eta arratsaldean zehar izan diren zenbait ekitaldiren ondoren amaitutzat jo dute gaurkoan Lezoko
Gazte Topagunea. Nahiz eta eguraldiak ez duen batere lagundu, balorazio positiboa egin dute antolatzaileek. Gune ezberdinetan izandako partehartzea azpimarratu dute, eta nazioartetik erakutsitako babesa eskertu nahi izan dute. Milaka eta milaka lagunek hartu dute parte aurtengo Gazte Topagunean, "independentzia eta sozialismoaren proiektu politikoarekin" bat eginez. Topaketak iraun duen lau egun hauetan zehar gazte horiek tailer, hitzaldi, eztabaida eta kontzertuetan hartu dute parte, gazte borroken inguruan hausnartuaz, eztabaidatuz eta herriz-herri martxan dituzten borroken esperientziak konpartituz. "Herri bat irudikatu dugu, herri bat osatzen duten guneak eraiki ditugu, besteak beste, eskola, gaztetxea, kultur gunea, herri gunea, musika gunea, baita lasai egoteko Akeita gunea", azaldu dutenez. Argazkian, nazioarteko eragile ugarik parte hartu dute Lezoko Gazte Topagunean /
Gaztesarea.