Nazio Eztabaidaguneak deituta, milaka lagun bildu ziren atzoko Aberri Egunean, Irun (Gipuzkoa) eta Hendaia (Lapurdi) arteko ibilaldia egiteko, "Nazioa gara. Zazpiak bat. Burujabetzaren alde" lelopean. "Nazio eraikuntzan pausoak emateko, abertzaleen indar metaketa beharrezkoa" dela nabarmentzeko asmoz, herritar soilez gain, bertan izan ziren Batasuna, Eusko Abertzale Ekintza, Eusko Alkartasuna, Aralar, Abertzaleen Batasuna eta LABeko ordezkariak, besteak beste. Euzko Alderdi Jeltzaleak (EAJ), berriz, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako autogobernuan eman nahi duten "urrats erraldoia" aurkeztu zuen, Bilboko Plaza Barrian. Bestalde, EAk, Gernika-Lumon egin zuen ekitaldia, eta erabaki eskubidea eta galdeketa aldarrikatu zituen Unai Ziarreta EAko presidenteak. Aurreko egunean, berriz, Udalbiltza-Udalbidek Ipar Euskal Herrirako departamentua eta euskararen ofizialtasuna eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako esparru politiko berria eskatu zituen Ustaritzen. Horrenbestez, deialdi horietara uribekostar ugari batu ziren. Hala ere, eskualdean egon zen Aberri Eguna etxean ospatu nahi izan zuena: Plentziako EAJk meza, ikurrinaren igoera, aurreskua eta bazkaria prestatu zituen. Leioako Udalak, berriz, hainbat ekitaldi egin zituen udaletxe aurrean zein Boulevardean. Argazkian, atzoko Irun eta Hendaia arteko martxa /
Gaztesarea.