G.A. izeneko mendizale itzubaltzetarrak bederatzi saihets apurtu eta biriki bat zulatu zituen pasa den ostegunean, hilak 20, Karrantzan izandako istripuan. Itzubaltzeta / Romoko gaztearen lagunek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez, gertaera Zalama menditik egiten zuten txangoan jazo zen, arratsaldeko 13:45ak aldera, G.A.k labain egin eta hamar metroz erori zenean ur-jauzi batera. Gazteak konortea galdu zuen eta lagunek berarenganaino jaitsi eta uretatik atera zuten bertan ez itotzeko. Ondoren, larrialdietara deitu eta
Ertzaintzaren helikopteroa, Brigada Higikorreko mendi dotazio bat, hainbat patruila eta anbulantzia bat hurbildu ziren zonaldera. Erreskatea konplexua izan zen, baina 30 bat minutu beranduago biktima helikopterora igo eta, hura bertan behar bezala ezarri ondoren, Barakaldoko BECeko heliportura eta handik Gurutzetako Ospitalera eraman zuten anbulantziaz ziztu bizian. Gazteak bertan jarraitzen du, egonkortuta baina oso larri. Argazkian Ertzaintzaren erreskate helikopteroa / Karlmary.