Gaztetxoek paregabeko aukera izango dute zinemaz gozatzeko Pazko Astean,
Getxoko Kultur Etxeko iturriek jakinarazi dutenez. Aurten ere, oporraldia dela eta, haurrentzako jardunaldiak antolatu dituzte. Horrenbestez, 25etik 30era bitartean, 6 film eskainiko dituzte 17 emanalditan, Algortako Getxo Antzokian. Gaur, "La aventura de las aguilas" film luzea egongo da ikusgai. Bihar, "Piccolo & Saxo" euskarazko filmaz gozatu ahal izango du publikoak eta, ostegunean, hilak 27, "Lassie" eskainiko dute. Laugarren jardunaldian, martxoak 28, "Winkyren Zaldia" proiektatuko dute euskaraz eta, ostiralean, "Movida bajo el mar" filme ospetsuaz gozatu ahal izango dute neska-mutilek. Azkenik, jardunaldiak martxoaren 30ean, igandearekin, amaituko dira "La brujula dorada" filmaren eskutik. Ordutegiari dagokionez, hilaren 25, 27, 28 eta 29an, 12:00etan, 17:00etan eta 19:00etan izango dira saioak. Martxoaren 26an, berriz, 12:00etako eta 17:00etako saioak baino ez dira izango eta, 30ean, azken emanaldia 19:30ean hasiko da. Bakoitzeko 2,10 euro ordaindu beharko dira. Argazkian, "Piccolo & Saxo" filmaren irudi bat.