Apirilean zehar irakurtzea bultzatzeko makina bat ekitaldi izango dira Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mar. 26a, 19:22
Apirilean zehar, liburuen mundua Getxoko kultura egitarauaren protagonista nagusia bilakatuko da, udal liburutegiek adierazi dutenez. Irakurtzea bultzatzeko asmoz, “Apirila, liburuen hilabetea” lelopeko kanpaina egingo dute datorren hilean. Horrenbestez, zenbait jarduera izango dira, guztiak Algortan, liburuak eta aisialdia uztartuta. Horien artean, Liburuen Azoka eta Haur eta Gazteentzako Liburuen Eguna nabarmendu dituzte. Azken hori izango da, hain zuzen ere, “Apirila, liburuen hilabetea” egitasmoari hasiera emango diona. Apirilaren 2an, Hans Christian Andersen idazle ospetsuaren jaiotzearen urteurrenean, Tellagorri plaza ezinbesteko topagune bilakatuko da haurrentzat. Bertan, jai batez gozatu ahal izango dute neska-mutilek, 18:00etatik aurrera. Jolasak, puxikak, txokole jana eta ipuin-kontaketak ez dira faltako. Horrezaz gain, Unai Elorriaga idazle getxoztarrak Haurrentzako Liburuen Eguneko Mezua irakurriko du. Argazkian, Bidezabalgo anbulatorioaren alboan egin zen iazko Haurrentzako Liburuen Eguna.
Bestalde, apirilaren 4an eta 11n Kontularien Klubeko saioak egongo dira, helduentzat. Lehenengoan, Kandelen Argipean taldeak istorio erotikoak ekarriko dizkigu, “Sexo oral” izenpean. Bigarrenean, klubeko ohiko kideek parte hartuko dute eta beraiek sortutako ipuinak eta istorio ezagunen moldaketa pertsonalak kontatuko dituzte. Hilaren 17an, berriz, “Versos de fuga y fuego” musika eta poesia ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Galatea taldearen eskutik. Horretan, besteak beste, Pablo Neruda, Jose Hierro, Mario Benedetti, Gloria Fuertes eta Rafael Albertiren olerkiak eta gitarra eta piano musika uztartuko dira. Hiru saio horiek Villamonte kaleko kultur etxean izango dira, 19:00etan, sarrera doan.

Gainera, aurten ere obra baten aurkezpena egingo da Liburuen Hilabetean, bertoko egile baten eskutik. Oraingo honetan, bere azken lana aurkeztuko du Jose Maria Beascoechea Gangoitik EHUko Historia irakasleak; “Propiedad, burguesia y territorio: la conformacion urbana de Getxo en la Ria de Bilbao (1850-1900)”, hain zuzen ere. Ekitaldia apirilaren 22an izango da, San Nikolas plazako liburutegian, 19:00etatik aurrera.

Liburuen Azoka

Azkenik, amaiera paregabea izango du egitasmoak Liburuen Azokaren eskutik. Apirilaren 23tik 26ra egingo da, Telletxe plazan, 11. edizioa. Liburuen erakusleiho izango da hori eta, bertan kokatuko diren 10 etxoletan, bisitariek azken nobedadeak erosteko aukera izango dute. Ohi bezala, udal liburutegiak ez dira faltako eta, horien etxolan, hainbat liburu irakurri eta mailegu-zerbitzua erabili ahal izango da.

Azken urteotan gertatu den moduan, gai nagusi bat izango du Liburuen Azokak. Aurten, euskal mitologia da hautatutako gaia. Horrela, azoka dela eta egingo diren ekitaldiek gai horri lotuta egongo dira. Besteak beste, tailerrak, jolasak, eskulanak, antzerki-ikuskizunak eta ipuin-kontaketak egongo dira. Horiez gain, aurten ere ohiko jendaurreko irakurketa egingo dute udalerriko zenbait ikastetxetako ikasleek. Azkenik, San Nikolas liburutegiko argazkiak biltzen dituen erakusketa egongo da ikusgai. Azoka 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun